Kaldereroen kalejirarekin hasiko da Aratosteek beteko duten asteburuko egitaraua

Kaldereroen kalejirarekin hasiko da Aratosteek beteko duten asteburuko egitaraua
2017/02/24 eta kitto!
Atzoko Eguen Zuria atzean lagata, gaurtik hasita Aratosteek betetako asteburua daukagu aurretik gurean. Gaur 20:00etan ekingo zaio jaiari gurean, Urkizutik hasita Untzagaraino joango den Kaldereroen kalejirarekin. Behin Untzagara ailegatuta, kaldereroen abestiak eta dantzak izango dira protagonista, 21:00etan Eibar Rugby Taldeko neskek Aratosteetako pregoia irakurri arte. Eta gauean, 23:00etatik aurrera Cover Band Placton taldearen kontzertua hartuko du Untzagako karpak.

https://youtu.be/x88jN4U8qCU

Bihar, berriz, eguerdian hasiko da karpa barruko animazioa, San Kristobalgo jai batzordearekin eta hortik aurrera egun osoan izango da zer egin. Aurtengo egitarauaren barruan berritasun nagusia 13:00ean hasiko den koadrilen kalejira lehiaketa izango da. Ustekabe fanfarreak lagunduta, izena eman dutenek Untzaga, Calbeton, Julian Etxeberria, Toribio Etxebarria, Untzaga ibilbidea beteko dute. Arratsaldeko 18:00etan, urteroko moduan, As Burgas Galiziako Etxekoek umeendako koko-jantzi lehiaketa egingo dute. Parte hartzen duten guztientzat opari bana emango dute eta hiru onenentzat sari berezia egongo da. Untzagan, berriz, umeendako berbena eskainiko du Alaiki taldeak. Kalejira eta dantzaldi artean, goizaldera arte luzatuko dira Aratoste Zapatuko ekitaldiak. Aratoste Domeka lasaiagoa izango da: 11:00etan Aratosteetako kalejira egingo dute Usartza Txistulari Taldekoek eta 17:00etan, berriz, ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako playback lehiaketa hartuko du karpak, DJ Arnorekin.

Aratoste Martitzenean agurtuko ditugu Aratosteak. Arratsaldean umeendako jolasak egingo dira Untzagan, Astixaren eskutik. Sardinaren entierru txikia, Hortzmuga antzerki taldearekin eta trikitilariek lagunduta, berriz, 18:30etan hasiko da eta jarraian karpa umeendako diskoteka bihurtuko da, Arima Cool Tour taldearen saioarekin.

Microsoft Word - irabazleak kartel AR 17.docx

BARIXAKU ERREGULARRA

20:00: Urkizun hasita, Untzagaraino, Kaldereroen kalejira.

20:30: Kaldereroen abestiak eta dantzak. Untzagan.

21:00: Aratosteetako pregoia. Untzagan.

23:00: Cover Band Placton taldearen kontzertua. Untzagan.

 

ARATOSTE ZAPATUA

12:00: Animazioa Aratosteetako karpan, San Kristobalgo Jai Batzordearekin girotuta. Ardoen dastaketa.

12:30/14:00: Rockalean emanaldia. Untzagan.

13:00: Aratosteetako koadrilen kalejira. Ibilbidea: Untzaga, Calbeton, Julian Etxebarria, Toribio Etxebarria, Untzaga. Kalejira Ustekabe fanfarrearekin.

18:00: Mozorro lehiaketa, Galiziako Etxean.

18:30/20:30: Umeendako berbena, Untzagako karpan, Alaiki taldearekin.

19:00: Aratosteetako koadrilen kalejira, taberna eta kartel lehiaketen sari banaketa, Untzagako karpan.

18:00/20:00: Untzagatik hasita, Brass Band taldearen kalejira.

23:00/ 02:00: Dantzaldia Alaiki taldearen eskutik. Untzagako karpan.

 

ARATOSTE DOMEKA

11:00: Aratosteetako kalejira, Usartza Txistulari Bandaren eskutik.

17:00: Playback lehiaketa, LH 5-6 mailetako ikasleentzat, …eta kitto!-k antolatuta, DJ Arnorekin. Untzagan.

 

ARATOSTE MARTITZENA

17:00/18:30: Umeendako jolasak, Astixaren eskutik. Untzagan.

18:30: Sardinaren entierru txikia, Hortzmuga antzerki taldearekin eta trikitilariek lagunduta.

18:30: Umeendako diskoteka, Arima Cool Tour taldearekin. Untzagako karpan.