Eibar foball taldea, Lehen Mailan bigarren denboraldia egiteko itxaropenez

Eibar foball taldea, Lehen Mailan bigarren denboraldia egiteko itxaropenez
2015/05/23 eta kitto!
Biharkoa egun historikoa izan daiteke Eibar Foball Taldearentzat, batez ere BBVA Ligan jarraitzeko dituen aukerak errealitate bihurtzen badira. Klubak inoiz baino eserleku gehiago izango ditu partidu horretarako (6.267) eta sarrerak agortuta daude aspalditik. Hala ere, klubetik dei egin diete partidura joango ez direnei euren jarlekua klubari bueltatzeko eta honek, behin salduta, horko %40 bueltatuko diz- kie. Bestalde, klubak jokalariek sinatutako kamiseta ere zozketatuko du azken sei partiduetara joandako zaleen artean.
Ligako azken jardunaldia bihar jokatuko da, 18.30etan hasita, eta partidu guztiak hasiko dira ordu horretan (erabakigarriak direnak behintzat). Eibarrek ligako talderik ahulena hartuko du Ipuruan, orain dela jardunaldi batzuk maila galdu zuena, eta aukerak ditu, beraz, hiru puntuak eskuratzeko; hala ere, Camp Noura (Barça-Depor), Los Carmenesera (Granada-Atco. Madril) eta Mediterraneoko Jokoetara (Almeria-Valentzia) begira egon beharko da, partidu horietako emaitzen beharra ere badutelako mailari eusteko. Hori bai, Ipuruako partidua irabazi behar da derrigorrez. Gero, berdinketen kasuan, Eibarrek Deporrekin galtzen badu ere, Almeriari eta Granadari biei irabazten die euren arteko berdinketa zuzenetan. Berdinketa hiru edo lauren artean bada... orduan bai, Eibar galtzaile izango da.
Ekitaldi bereziak
Udalak eta Eibar Merkatal Gune Irekiak hainbat ekitaldi prestatu dituzte herriko giroa pizteko partiduaren inguruan eta goizetik izango dira gauzak herriko kaleetan. Klubeko peñek ere lan berean dihardute eta, antolatutako ekitaldien artean, show-ak, antzerkia, gaztelu puzgarriak, malabarrak, fanfarrea, txistorrada eta batukada daude. Kordobatik ez da uste jende asko etorriko denik dagoeneko taldea 2. mailan dagoelako, baina Deba bailaratik bai espero da guregana zaletu asko etortzea.
Eskozia La Brava eta Ustekabe
Eskozia La Bravak antolatu duen egitaraua goizean goiz hasiko da: 10.00etan elkarretaratu eta gero, 11.00etan etxean egindako gozogintza eta whiskya dastatzen hasiko dira; 12.30etan zaletuen peñak Untzagan batuko dira eta 13.15etan txikiteoa hasiko da; 15.00etan herri-bazkaria egingo dute eta 16.30etatik aurrera, berriz, "herri-txupitada" egiteko tartea hartuko dute, 17.30etan Ipuruara kalejiran abiatu baino lehen; eta 18.30etan, partidua hasi aurretik, Eibarko jokalariei ongietorria emateko tifoa egingo dute.
Bestalde, Ustekabe fanfarrea 12.00etan hasiko da herriko kaleak girotzen eta, talde armagiñak mailari eustea lortuz gero, musikariek partidua amaitu ondoren jotzen jarraitzea adostu dute klubarekin.