GERMAN ALBISTEGI (Hiria Primeran): "Kirol Hiria Eibarren egin behar da, nahitanahiez”

GERMAN ALBISTEGI (Hiria Primeran): "Kirol Hiria Eibarren egin behar da, nahitanahiez”
2017/05/19 eta kitto!
German Albistegiren izena Eibar KE-rekin lotzea logikoa da. Talde armagineko jokalari ohia, klubeko kontseilaria izan da azken zazpi urtean. Alberto aitak eta Alex semeak kolore gorriurdinak jantzi dituzte. ‘Hiria Primeran’ hautagaitzaren programa edonori gardentasun osoz azaltzeko prest dago eta Amaia Gorostizari debatea egitea mila aldiz eskatu diola dio, “baina ez du egin nahi izan”. Presidente aukeratzen badute, asko maite duen Eibarren alde dena emango duela azpimarratzen du.

 

-Gorostizaren hautagaitzak klubaren errekurtsoak euren kanpainarako erabili dituela salatu duzue. Konbentzitu zaitu euren erantzunak?

Kazetari batek klubaren errekurtsoen erabileran gutxiagotasun egoeran sentitzen ginen galdetu zidanean, normala zela eta kirol legez onartzen nuela erantzun nion. Kontua da gehiegizko gauzak gertatu direla. Hautagaitzen arteko negoziazioetan akziodunen zerrenda eskatu nuen eta esan zidaten akziodunen baimen esplizitua behar nuela eurengana jotzeko. Beraz, uko egin nion akziodunen datuak jasotzeari. Hautagaitzen informazioa eta botoa emateko kartulina nola bidali erabakitzeko akordioa sinatzera gindoazenean, Gorostizaren programa klubaren bitartez bidaliko zutela jakin nuen. Hori akordiotik kanpo dago. Neurriak hartuko nituela esan nien eta nik ere programa horrela bidaltzeko esan zidaten; baina, lehenik, eurek esan zidatenean, ni ezin naiz akziodunekin elkartu eta, bigarrenik, orain ez daukat programa bidaltzeko denbora ezta baliabiderik. Bestetik, botoa emateko kartulinan, barra-kodearen alboan, akziodunaren izena ageri da. Hori ez da onargarria prozesu demokratiko batean! Eta badago beste kontu larri bat. Botoa emateko jarraitu behar direnen argibideetan jartzen du prefranketatutako gutun-azalaren bitartez egiten dela korreozko bozka, baina hori ez da horrela eta boto guzti horiek nuloak dira. Hori larria da! Hartu beharko litzatekeen neurria hauteskundeak inpugnatzea izango litzateke, baina nik ez ditut inpugnatuko, horrek min handia egin diezaiokelako Eibarri. Kanpaina garbia izango zela espero nuen, baina adarra jotzen ari dira eta hori ez dugu onartzen.

-Zergatik ikusi duzue aldaketaren beharra?

Galdetu beharko genukeena da kluba zergatik dagoen gaur egun dagoen tokian. Ez dago hor urtebeteko lanarengatik, baizik eta aurreko bost urteetan egindakoagatik. Urte horietan oso erabaki garrantzitsuak hartu dira, adibidez, Mendilibar entrenatzaile izendatzea, eta erabaki hori gure plataforman gaudenok hartu genuen, Lehen Mailan zelaia modernizatzeko erabakia bezala. Euren hautagaitzak ideiarik ez dituen konbentzimendua daukagu, beraz, hauteskundeetara aurkezteko legitimatuta gaudela uste dugu.

-Jaio zinenetik daukazu lotura Eibar KE-kin eta azken zazpi urteetan kontseilaria izan zara. Azken urtean zaintza lanak egin dituzula aipatu duzu elkarrizketa batean. Zergatik?

Ni ez naiz inoiz Aranzabalekin lerrokatuta egon. Eibarrentzat onak izan diren proiektuak defendatu ditut, batena edo bestearena izan. Berak kluba utzi zuen eta hainbat kontseilari gutxiengoan geratu ginen, eta benetako kalbarioa izan da aurtengoa. Eibar maite dudalako jarraitu dut eta, besteek izendatzen gaituzten bezala, oposizioko bat bertan egotea klubarentzat ona zelako egon naiz.

-Kirol Hiria Eibarren egitea azpimarratzen duzue. Udalarekin berba egin duzue?

Agente guztiekin egin dugu berba, baita Udalarekin, baina ez dugu ezer zehaztu. Berriketaldiak izan ditugu soilik, baita hainbat aditurekin ere eta egingarria da. Kirol Hiria Eibarren egin behar da, nahitanahiez. Kontua da: zertarako nahi dugu Kirol Hiria? Gure harrobia lantzeko. Gorostizak aste honetan adierazi du Errealarekin hitzarmena sinatzear dela, beraz, zergatik Kirol Hiria sortu? Gainera Eibartik kanpo. Errealarentzat jokalariak prestatzeko nahi dugu Kirol Hiria sortu? Errealak 2. B Mailan geudenean lagundu zigun eta Gorostizak Radio Euskadin esan zuen esker onekoa izatea beti dela ona. Akats kontzeptuala da hori. Guri diruz lagundu zigun eta guk harrobia landu genuen. Orain dela urte batzuk, denboraldi amaierako afari batean, Mikel Oyarzabali eman nion kadeteetako jokalari onenaren saria. Gure balioa zen eta orain Errealean dago. Zein da bere merkatu-balioa gaur egun? Errealarekin erlazio ona eduki nahi dut, baina ez diogu ezer zor.

-Gorostizaren hautagaitzaren arlo positibo bat aipatu beharko bazenu...

Estimatzen dudan jendea dago eta sentitzen dut kasu honetan elkarren aurka aritzea, baina ez daukat zalantzarik Eibarri ekarpen handiak egin ahal dizkiodala.