Gipuzkoako duatloi txapelketa jokoan zapatuan izango den 25. Eibarko Duatloian

Gipuzkoako duatloi txapelketa jokoan zapatuan izango den 25. Eibarko Duatloian
2016/03/03 15:19
eta kitto!
Zapatuan, 16:45ean, Eibarko kaleetan hasiko den proban Gipuzkoako duatloi sprint txapelketa izango da jokoan. Lasterketaren 25. edizioa da aurtengoa eta lasterkariek bost kilometro egingo dituzte korrika, 19 bizikleta gainean eta, amaitzeko, beste kilometro bi eta erdi antxitxiketan helmugara iritsi aurretik. Eibarkoa Euskal Herriko duatloi zirkuitorako hirugarren proba puntuagarria izango da eta goian aipatutako orduan emakumezkoak irtengo dira eta handik hiru minutura, 16:48an, gizonezkoak. Lasterketaren muina Untzaga plazan izango da, hor egongo baitira bai helmuga eta baita boxeak ere. Oinezko lasterketak herriko kaleetatik egingo dira (lehen atalean hiru itzuli emanez eta azkenekoan itzuli bakarra) eta bizikleta saioan herria inguratzen duen bariantea zeharkatuko dute. Parte-hartzaileei begira, probak 216 kirolarietan jarri du kupoa eta, sariekin batera, material zozketa egingo da amaieran.
Euskadiko eta Gipuzkoako Triatloi Federazioekin batera, proba hori antolatzen jardun duen Delteco Eibar Triatloi Taldeak bi ordezkari izan zituen aurreko asteburuan Mungian jokatu zen proban (bakarra izan zen, eguraldi txarrak beste guztiak bertan behera laga zituen). Mungiakoan ere bizikleta zatia kendu behar izan zuten eta Gonzalo Saez 16.a izan zen eta Juanjo Romero 35.a.