Hiru eguneko gurpil jaiaren aurrean

Hiru eguneko gurpil jaiaren aurrean
2018/04/06 eta kitto!
Gutxitan izango dugu goi mailako txirrindularitzaren tamaina honetako kontzentraziorik gure kaleetan. Euskal Herriko Itzuliaren 58. edizioaren bosgarren etapa Toribio Etxebarria kalean amaituko da gaur arratsaldean eta toki berean izango du helmuga Valenciaga Memorialaren 47. edizioak domeka eguerdian. Tartean, nola ez, Itzuliaren azken etapa izango dugu bihar, Eibarren eguerdi aldean hasi eta arratsaldean Arrate gainean amaituko dena. Gozamen hutsa, beraz, gure artean ditugun txirrindularitza zale guztientzat.

Atzoko erlojupekoaren ostean lidergoa hartu zuen Team LottoNL-Jumbo taldeko Primoz Roglic esloveniarrak, eta bera da Euskal Herriko Itzulia irabazteko faborito nagusia. Quick-Step Floors taldeko Julian Alaphilippe 34 segundutara dago bigarren postuan eta minutu eta erdi baino gehiagora daude lasterketa eskuratzeko beste faboritoak. Gaur eta bihar artean lasterketa mugitu eta bere aukerak bilatu behar izango dituzte Trek-Segafredo taldeko Bauke Mollemak, Movistarreko Mikel Landa eta Nairo Quintanak, Astanako Pello Bilbaok, BORA-Hansgroveko Patrick Konrad eta Emanuel Buchmann, eta Bahrain Meridako Izagirre anaiek, Gorka eta Ionek, Arrateko gainean maillot horia jantzi nahi badute.

 

Gasteizetik Eibarrera gaur

164,7 kilometro izango ditu gaur lehiatuko den Euskal Herriko Itzuliaren 5. etapak. Hiru mendate eta bi esprint ditu: lehen esprinta Bergaran (96 km), lehen mendatea Elosuan (2. mailakoa, 105 km), bigarren esprinta Loiolan (118 km), bigarren mendatea Endoian (2. mailakoa, 135 km) eta hirugarrena eta azkena Azurkin (1. mailakoa, 144 km). Gaurko etapan Elosua pasatuta hasiko da gogortasuna, azken 60 kilometrotan kontzentratuta. Endoia eta Azurki bata bestearen segidan daude eta horrek gogorragoak bihurtzen ditu. Itzulian min handiena egin dezaketen eguna izan daiteke eta, adituek diotenez, baten batek ezustekoa ematen saiatu nahi baldin badu, hor izan dezake eguna.

 

Etapa erabakigarria Arraten

Bihar Arraten amaituko den etapan erabkiko da Euskal Herriko Itzulia. 122,2 kilometrokoa izango da, laburra baina ezin ikusgarriagoa. Etapak zortzi mendate eta bi esprint ditu: Trabakua (3. mailakoa, 8 km), Gontzagarangana (3. mailakoa, 18 km), Bizkaiko Begiratokia (3. mailakoa, 25 km), Muniketa (3. mailakoa, 39 km), Elgeta (2. mailakoa, 63 km), jarraian lehen esprinta Eibarren (83 km), Ixua (1. mailakoa, 89 km), bigarren esprinta Etxeberrian (98 km), Urkaregi (3. mailakoa, 104 km) eta Usartza (1. mailakoa, 120 km). Etapa horretako mendateen kilometro kopurua eta portzentajeak honakoak dira: Trabakua, hiru %5era; Gontzagaraigana, hiru eta erdi %5,5era; Bizkaiko Begiratokia, bost %5era; Muniketa, lau %6,5era; Elgeta, lau %7ra; Ixua, bost %9ra; Urkaregi, sei %4ra; eta Usartza (motzena, baina gogorrena), hiru %13ra. Biharko etapan lider iristen denak bere burua defendatzeko eguna izango du, eta talde indartsua beharko du horretarako alboan. Gainera, Matsaria azken egunean egoteak gauzak aldatzen ditu eta interesgarriago bihurtzen du; hori bai, liderarri aurre egin nahi diotenek aurretik ere badute erasoa non jo.

 

Valenciaga Memoriala domekan

167 kilometro eta erdi izango ditu Valenciagaren 47. edizioak. Espainiako Koparako laugarren proba puntuagarria da eta zazpi txirrindulariz osatutako 24 taldek hartuko dute parte domeka goizean, euretako 21 Espainiako Kopan lehiatzen dutenak eta beste hirurak antolatzailetaldeak gonbidatuta. Parte-hartzaileen artean bost dira euskaldunak, eta tartean izango da Eibar Energia Hiria ere. Koparako bederatzi probetatik, hiru Gipuzkoan jokatzen dira. Edizio honek baditu berritasun bat baino gehiago, aurkezpen-ekitaldian azaldutakoaren arabera: “Hemendik irtenda, kostaldetik egingo dituzte kilometro gehien, gero Zarautzetik Azpeitia eta Azkoitiara joateko, oraingoan ez direlako Itziar eta Debatik pasatuko. Elgeta gainetik ere Arrasatera joko dute eta ez Bizkaia aldera, aurreko edizioetan moduan. Areitio ez dute pasatuko, beraz. Eta helmuga Toribio Etxebarriara bueltatuko da”. Iaz txirrindularitza laga zuen Joaquim “Purito” Rodriguezek moztuko du irteera-zinta. Kataluniarrak Valenciaga irabazi zuen 2000. urtean. Eta irteerako ekitaldia Jose Olaizola omentzeko ere aprobetxatuko dute. Beñat Urain txirrindulariohia izango da lasterketa-zuzendaria eta Eibarko Txirrindularitza Elkarteak antolatzen duen Memoriala afizionatu mailako onenen egutegian jarraitzen du egoten: “Afizionatuetatik profesionaletara jauzia egitea gero eta zailago dagoen arren, iazko 12 lehen sailkatuetatik zortzi dagoeneko profesionaletan dihardute parte hartzen”.

 
Lasterketak herrian: asteburu bete-betea



ERDIGUNEA PEATONALIZATUTA gaur goizeko 09:00etatik etzi gaueko 22:00ak arte (T. Etxebarria ez da zabalduko ez gaur, ez bihar). Euskal Herriko Itzuliaren GAURKO ETAPA (Gasteiz-Eibar) 17:30ak aldera amaituko da. Helmuga T. Etxebarrian izango da, Azitainetik sartuta. BIHARKO ETAPA (Eibar-Arrate) 14:11n irtengo da F. Calbeton kaletik eta, Karmen kaleraino itzulia eginda, Ermurantz abiatuko da. 16:30ak aldera erdigunetik pasatuko da, Azitainetik sartu eta Ixuaraino jotzeko. 17:15ak inguruan saihesbidetik pasatuko da, Azitainetik sartu eta Matsarian irtetzeko, hortik Usartzara igo eta handik Arrateko helmugaren bila, 17:30ak aldera iristeko. Valenciaga Memoriala ETZIKO ETAPA (Eibar-Eibar) 09:00etan irtengo da F. Calbeton kaletik eta Maltzagaruntz joko dute. 13:15ak aldera dago aurreikusita lehenengoak iristea. Helmuga T. Etxebarrian izango da, Azitainetik sartuta.