JON LARREATEGI, entrenatzailea: "Entrenatzaile ona izateko bertuterik? Bihotzetik bihotzera berba egitea”

JON LARREATEGI, entrenatzailea: "Entrenatzaile ona izateko bertuterik?  Bihotzetik bihotzera berba egitea”
2017/09/14 eta kitto!
Jon Larreategik ibilbide luzea egin zuen foballean, iaz 31 urterekin jokatzeari laga eta CD Vitoria Eibar FTko filialean bigarren entrenatzaile kargua hartu zuen arte. Aurten beste bi denboraldirako kontratua sinatu du eta pozik dihardu 2. B mailara igo berri den taldean. Jokalari moduan, Eibar FTko maila guztietan jokatu eta gero, Valentzia B (denboraldi bat), Athletic B (bi denboraldi), Levante B (1), Sestao (2), Amorebieta (4), Barakaldo (1) eta Portugalete (1) taldeetan hartu zuen aterpe. Kapitaina ere izan zen behin baino gehiagotan, eta orain taldeak kudeatzen ibilbidea egiteko asmoa du.

 

– Zelan izan zenuen CD Vitoria taldeko bigarren entrenatzailea izateko aukera?

Aurretik bi urte eginak nituen Eibar FTko foball-eskolan beharrean, Barakaldorekin jokatzen nuenetik hasita. Eibar FTk oraingo postua hartzea proposatu zidan, Eibarkoa nintzela eta esperientzia banuela argudiatuta. Buelta batzuk eman nizkion gaiari eta eskaintza aproposa iruditu zitzaidan. Ia lesiorik izan gabe ere, 31 urterekin jokatzeari lagatzea erabaki nuen. Ordurako entrenatzaile titulua ere aterata nuen eta ikasteko lekurik onena iruditu zitzaidan.

–Aste osoko lana izaten duzu? Zelan antolatzen duzue lan hori?

Gauza batzuekin eta besteekin, ia aste osoa jaten digu gure lanak. Eguenetan libratzen dut. Bestela, astelehenetan partidu osteko entrenamendua egin ondoren, aste osoko lana prestatzen dugu, non sakondu erabakita. Martitzenean jokalarien analisi indibidualetan zentratzen gara, zertan hobetu dezaketen bilatzeko. Ondorengo egunetan aurkaria aztertzen dugu, etxean edo kanpoan jokatzea tokatzen zaigunaren arabera, talde horren azken bi partiduei erreparatzeko... Orain Elgoibarren bizi naiz eta entrenamenduak Iurretan izaten ditugu.

– Zeintzuk dira aurten taldearen asmoak?

Mailari eustearekin konforme, batez ere lehen ekipoak behar duenari laguntzeko gaudelako hemen. Egunerokoan ere, Mendilibarrek askotan deitzen ditu gure jokalariak. Astelehenetan ere talde bietan jokatu ez dutenek elkarrekin aritzen dira. Iaz, esaterako, gure taldeko jokalari guztiek entrenatu zuten, baten behintzat, lehen taldekoekin. Gero, Markel Areitio atezainak debutatu zuen Eibarrekin; eta baita beste bik ere Kopa lehiaketan. Maila hain azkar igotzea lorpen handia izan da.

– Baina ez da jokalaririk igo 1.Mailako Eibarrera... Gainera, badago eibartarrik taldean?

Ez da gauza erraza iazko 3. Mailatik berehala jauzia ematea. Talde filial batek, gainera, ez du beste taldeen funtzio bera izaten. Esaterako, iaz titularrak izandako batzuk (adina dela-eta) taldea laga dute, beste batzuei tokia egiteko; bestelako talde bat izanda jarraitu luketenean. Ahalegindu gara blokeari eusten, baina erdia berritu dugu gutxi gorabehera. Eibarkoa bakarra dugu taldean: Julen Lopez. Nik jokatzen nuen postuetan jokatzen du gainera, zentral moduan eta ezkerreko albokoan. Baina badaude eskualdekoak diren beste batzuk. Eta Susaetak, esaterako, Anaitasunean jokatuko du lagata.

– Azkenean Aurrera Vitoriak lagatako Olaranbe zelaian jokatzen diharduzue. Zaletu asko du CD Vitoriak?

Ez pentsa, partiduetara ez da jende askorik joaten. Orain, igo dunez, zertxobait gehiago. Horretan abantaila gutxi dugu, 2. B mailan talde handiak izanda, hiriburuetakoak ere tartean, askotan kanpotarrek guk baino jarraitzaile gehiago dituztelako.

– Zein alde nabaritu duzu jokalaria zinenetik gaur egun diharduzun entrenatzaile kargura egindako jauzian?

Jokalariak txandakatzen dira euren artean eta aste baten jokatzen ez duenak hurrengoan jokatu dezake. Entrenatzaile izatea zailagoa da, bakarra dago talde bakoitzean. Bestalde, jokalaria bere lanarekin amaitu eta etxera joaten da, ez du beste ardurarik. Entrenatzaileak, bestalde, taldea kudeatu behar du, bideoak eta aurkariak ikusi, partiduetara joan... Batzuen eta besteen satisfakzio-maila ere desberdina da. Eta, jakina, aulkian zaudela inpotentzia sentsazioa ere askoz handiagoa da. Ordezkoa zinenean sentitzen zenuena modukoa.

–Gustokoen duzun entrenatzailerik?

Mendilibar bera, zein bestela? Eibarrekin egiten diharduena hobetzea ondo kostatuko da, egokiena da talderako. Emery gustatzen zait eta, batzuk pertsona moduan kritikatu badute ere, Valentzian dagoen Marcelinoren lana aipatuko nuke.

– Zer behar da entrenatzaile ona izateko? Zuk zein asmo dituzu?

Nire ustetan, normala izatea, bakoitzari erreparatzea, jokalariek zugan sinestea, eurengana heltzen jakitea... Azken batean, bihotzetik bihotzera berba egitea. Nire aldetik, bestalde, presa barik dihardut, baina aurrera begira. Oso gustora nago CD Vitorian, urratsak eginez, eta talde filiala izatea aberasgarria deritzot.