Nazioarte mailako eskubaloi partidua kiroldegian

Nazioarte mailako eskubaloi partidua kiroldegian
2017/07/05 eta kitto!
Ipuruako kiroldegiak Espainia eta Tunisiako eskubaloi junior taldeen arteko partidua jasoko du barixakuan, uztailaren 7an, 18:30etan. Estatuko selekzioa astelehenetik dago Hezkuntza Esparruan kontzentratuta uztailaren 18an Argelian hasiko den Munduko Txapelketa prestatzen. Sarrera doakoa izango da eta Borja Rodriguezek esatari lanak egingo ditu partidua girotzeko.

Jordi Ribera Espainiako eskubaloi selekzioko entrenatzaileak ondo ezagutzen du Eibar, Arrate entrenatu baitzuen 1989tik 1992ra, eta bere gomendioz etorri da junior taldea herrira. Kauldi Odriozola eta Asier Nieto euskaldunek jokatzen dute talde honetan, eta herrira goi-mailako eskubaloia ekartzearen garrantzia azpimarratu dute Euskadiko eta Gipuzkoako eskubaloi federazioetako arduradunek.

Miguel de los Toyos alkatearen iritziz partidu hau jokatzeak mesede egingo dio herriari eta herriko eskubaloiari, kirol honek ez duelako “momentu gozoena bizi”. “Eibar eskubaloi hiria da eta Arrateren desagerpenaren ondoren Eibar Eskubaloia gauzak ondo egiten ari da, hankak lurrean dituela poliki-poliki hazten”. Beraz, partidu honek herriko eskubaloiari bultzada ematea espero du.