Ane Urkiolaren "Zea... Bingo!“ laburmetraia gaur Coliseoan "Euskal Harriaren ABDak” filmaren baitan

Ane Urkiolaren "Zea... Bingo!“ laburmetraia gaur Coliseoan "Euskal Harriaren ABDak” filmaren baitan
2016/01/28 eta kitto!
Gaur “Euskal Harriaren ABDak” filmaren emanaldia (euskeraz, gaztelerazko azpitituluekin) hartuko du Coliseo antzokiak, 20:30ean hasita (sarrerak 3 euro balio du). "Beldurrezko euskal zinemaren abezea" modu kolektiboan sortutako pelikula da: 26 film labur, beste horrenbeste zuzendarirenak, Katihotsak Logia kultur elkarteak bildu eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean aurkeztu zituen azken edizioan. Proiektuan parte hartu dutenen artean Ane Urkiola eibartar zinemagile gaztea dago eta emanaldian “Zea… Bingo!” laburmetraia ikusteko aukera izango da. Katihotsak Logia-ko kideek, aurreko lanetan (“Joxean’s Hil Eben” eta “Ataun of the Dead”) egindakoaren bidetik, honetan ere euskarazko B saileko zinemaren aldeko apustua egin dute. Filmaren inguruko informazio guztia www.euskalharriarenabdak.com helbidean aurkituko duzue.

kartela

Ane Urkiola

fotograma1

2015eko irailean ...eta kitto! astekarian Ane Urkiolari egindako elkarrizketa irakur daiteke hurrengo lerroetan:

Ane Urkiola: “Zine zuzendariak galdera askori erantzuna ematen jakin behar du”

Apurka apurka eta zorionez, urtero euskaraz sortutako filme kopurua eta kalitatea handituz doa. Iaz Jon Garaño eta Jose Mari Goenegaren “Loreak” filma ikusi ahal izan genuen  Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean.  Aurten, bigarren aldiz jarraian, euskeraz egindako beste film luze bat izan da, Asier Altunaren “Amama”. Gainera, film labur askoz gehiago ekoizten dira eta horren adibidea Eibarren bertan daukagu: Ane Urkiola eibartar zinemagile gazteak “Zea... Bingo!” film laburra grabatu zuen martxoaren amaieran eta datorren hilean ikusteko aukera izango dugu. Eibartarrak zuzentzen duen lehenengo filma da eta lantaldean beste 4 eibartar daude.

- Zea... Bingo| film laburra urrian ikusi ahal izango dugu, Euskal Herri mailako beste proiektu baten barne. Zer aurreratu ahal diguzu filmari buruz?
Komedia beltza da. Donostiko Hotel Londresen dago kokatuta. Harrerako emakumearen pasioa bingoan jokatzea da, baina bere helburua ez da aberatsa izatea, beste bat baizik.. Genero hibridoa da: umore absurdoa eta beldurra nahasten dira.
- Nola bururatu zitzaizun proiektu hau egitea?
Gidoia lehendik idatzita eta “kajoian” gordeta nuen. Gero, iragarkiak produzitzen hasi nintzen. Jende asko ezagutzeko aukera izan nuen, eta tekniko eta aktoreak zirikatzen hasi nintzen proiektuan sartzeko. Izaskun Arandia Izar Filmeseko ekoizlearekin egon nintzen eta proiektua bere gain hartu zuen. Horretaz gain, “crowdfunding” bat egin genuen, hau da, sarean 2.000 euroko dirulaguntza eskatu genuen, eta segituan lortu, gainera! Ekipoa lankide eta lagunen artean osatzea lortu genuen, bata besteari motibatzen. Guztira 30 izan gara, horietako 5 eibartarrak, ni barne: Haritz Lete, aktorea; Aitor Maguregi, argazki laguntzailea; Natalie Garrido, arte zuzendaria eta Aiora Zugasti, makillatzailea.
- Errodajea egun bakar batean egin zenuten...
Bai, domeka baten grabatu genuen dena, Hotel Londresen. Nahiko gogorra izan zen, 19 ordu jarraian jardun genuen lanean! Dena oso ondo antolatuta eraman genuen errodajera, egun hori besterik ez genuen-eta. Horrelako lanetan zuzendariak denetik egiten du: gidoiaz gain, produkzioko gauza asko egin nituen, errodajean materialak aldatzen lagundu nuen, aktoreekin entsaioak, afariak eta bazkariak jarri... dena.  Eta grabatu ondoren montaje lana dator. Zailena daukazun material guztiaren artean aukeratzea da: batzutan toma bat ona da antzezpen aldetik baina beste bat hobea da soinu aldetik. Dena orekatu eta onena hartzen saiatu behar duzu. Postprodukzio horretan soinua ere ezinbestekoa da. Terrorean soinuak pisu handia hartzen du, ez bada ondo egiten beldurgarria baino gehiago barregarria suertatzeko arriskua dago. Saiatu gara soinua asko fintzen. Azkenean ordu asko dira atzera eta aurrera! Hau paella baten modukoa da: egon zaitezke denbora pila bat lana ondo egiten, eta gero 10 minututan jaten da. Zine zuzendariak galdera askori erantzuna ematen jakin behar du.
- Nolako garrantzia du istorioak film batean?
Guztiaren muina kontatu nahi duzuna da; hortik hasten zara pertsonaiak garatzen, argia aukeratzen, argazkia, soinua, jantziak... Eta ezinbestekoa da lortu nahi duzuna ekipo guztiari transmititzen jakitea. NIk produkzioan daukat esperientzia eta horretan eroso sentitzen naiz, baina nire pasioa beti izan da idaztea, istorioak kontatzea eta komunikazioa.

- Lan-talde oso gaztea eta emakume ugari...
Errodaje gehienetako kideak 40 urtetik gorakoak eta gizonezkoak izaten dira. Gu, hasieratik, emakume portzentaje altu bat sartzen saiatu ginen.  Emakume eta gazteen aldeko apostua egin dugu. Gainera, niretzako ere erronka bat izan da, izan ere emakume zuzendari gutxi daude.

- Posible de baliabide gutxirekin horrelako lan bat egitea?
Ez da erreza, gutxieneko diru-kopurua behar duzu lana finantziatzeko eta ekipo on bat sortzeko. Jendea kobratu gabe dago lanean eta  saiatu behar duzu baliabide ahalik eta onenak ipintzen, ekipoa ondo zaintzen eta gauzak fin egiten.  Film laburretan oso dirulaguntza gutxi daude. Jendea badago mugitzen, istorio berriak kontatzen eta formatu berriak probatzen. Sortzaile izan zaitezke baina sortzaileek ere pagatu behar dituzte fakturak hil amaieran. Erakundeen babesa ezinbestekoa da.