Argazkilaritza Maiatzean aurkeztu dute Deportiboan

Argazkilaritza Maiatzean aurkeztu dute Deportiboan
2012/04/26 00:00
eta kitto!

Gaur arratsaldean aurkeztu dute Argazkilaritza Maiatzean, Klub Deportiboan eskainitako prentsaurrekoan. Klub Deportiboko Argazkilaritza Taldekoek antolatutako egitarauak aurten sei erakusketa batzen ditu, herriko hainbat puntutan banatuta. Jose Benito Ruizen erakusketak, “only raw” premisari jarraituta, naturan bilatu eta aurkitutako irudi garbiak eskainiko dizkigu. Julian Ochoa eta Santos Moreno Villar argazkilari ezagunek, berriz, Kubako ikuspuntu bi erakutsiko dizkigute euren lanetan. Eta Xavier Ferrer Chust-ek Poloniako Grabarkako santutegiraino bidaian eramango gaitu. Taldekako erakusketak Argazkilaritza Elkarteen Euskal Federazioak antolatutako Argizaiola sarietako argazkiak ipiniko ditu bisitarien eskura. Horiekin batera, bere lanak erakusteko aurten hiru areto eta Untzaga plaza osua erabiliko dituen Klub Deportiboko Argazkilaritza Taldeak begiak norantz begira ipinita dituen ikusteko aukera emango digu. Gainera, azken urteotako martxari jarraituta, argazki estudioa montatuko dute kalean eta programazioan "klasikoa" den argazki rallyan parte hartzera animatu nahi dituzte herritar guztiak. Jarraian irakurri dezakezuen egitaraua osatzeko orduan krisiak aurrekontuan eragina izan duela azaldu dute antolatzaileek, "baina ez kalitatean, taldeko kideek ditugun kontaktuei eta Argazkilaritza Maiatzean parte-hartzeak lortu duen prestigioari esker argazkilariak kobratu barik etortzea lortu dugulako".

Erakusketak
- Maiatzaren 4tik 27ra, Portalean
Jose Benito Ruiz: "Diálogos sobre composición".
Santos Moreno Villar: "Alma de Cuba".
Xavier Ferrer Chust: "Grabarka".

- Maiatzaren 4tik ekainaren 3ra, Topalekuan
Julián Ochoa: "Cuba".

- Maiatzaren 1etik 31ra
31. Argizaiola Lehiaketa. Klub Deportiboan.
Deportiboko Argazkilaritza Taldea. El Ambigú eta Portalea tabernetan.

- Maiatzaren 1etik 12ra
Deportiboko Argazkilaritza Taldea. Untzagako jubilatu etxean.

Tailerrak
- Maiatzak 12
Argazki-estudioa kalean. Untzagan.

- Maiatzak 18-19 (BETETA DAGO; EZ DATOKIRIK GERATZEN)
Jose Benito Ruiz: "Konposizio intentsiboa". Portalean.

- Argazki-ralliya
Maiatzak 27
Zuribeltzean edo digitalean. Irteera Deporretik (izen-ematea egunean bertan, 08.30etatik 09.30etara).