Argazkilaritza Maiatzean aurkeztu dute Klub Deportiboan

Argazkilaritza Maiatzean aurkeztu dute Klub Deportiboan
2015/04/23 eta kitto!

Gaur arratsaldean (eguenean, hilaren 23an) aurkeztu dute Klub Deportiboan Argazkilaritza Taldekoek prestatu duten Argazkilaritza Maiatzean-eko egitaraua: urtero lez, herriko erakusketa areto guztietan orotariko argazki bildumak ipiniko dituzte ikusgai: maiatzaren 8tik 31ra Luis Alberto Franke, Andres Indurain eta Mikel Mitxelenaren lanak Portaleko erakusketa aretoan ikusgai egongo dira; maiatzaren 1etik 31ra, berriz, Argizaiola Trofeoa (Deporren), Gipuzkoa Nazioarteko Saria (Untzagako jubilatu etxean) eta Klub Deportiboko Argazkilaritza Taldearen erakusketa kolektiboa (Ambigu eta Portalea tabernetan) egongo dira zabalik; eta Topalekuan Enrique Lorenzo Deporreko Argazkilaritza Taldeko kideak bere argazkiak erakutsiko ditu, maiatzaren 8tik 31ra arte. Aurkezpenean esan dutenez, "egitarauaren barruan gure taldeko norbaiti erakusketa ipintzeko aukera ematea pentsatu genuen eta aurten Enriqueri egokitu zaio. Datozen urteotan ere taldeko beste argazkilari batzuk txandakatzen joango dira".
Erakusketetatik aparte, maiatzaren 16an kalera irtengo dira, baina aurten arratsaldez ipiniko dute kaleko estudioa Untzagan, 16.00etatik 21.00etara, "goizak oso labur geratzen" zitzaizkien eta. Egun horretan beste berritasunik ere izango da: mahaia ipiniko dute argazki taldeko kideen argazkiak salgai ipintzeko. Eta aurten La Novena antzerki taldekoek kaleko estudioari eman nahi dioten mende hasierako kutsua lortzen lagunduko diete, antzezpen moduko batekin. Argazki rallya maiatzaren 31n egingo da, "Euskal Jaiarekin batera" eta, hauteskundeak direla eta, Santos Morenoren eskutik egingo den argazki-tailerra ekainaren 6ra arte atzeratu behar izan dute. Egitarau osoa ikusi eta jaisteko, Deporreko webgunera jo dezakezue.