Cuevas, Orbegozo eta Antzerki Jardunaldiak omenalduko ditu Bakillauaren Kofradixiak

Cuevas, Orbegozo eta Antzerki Jardunaldiak omenalduko ditu Bakillauaren Kofradixiak
2011/10/24 eta kitto!

Bakillauaren Kofradixia bere agendan hitzordu nagusiena izango denarentzat gertu egoteko beharrean hasita dago. Urteroko martxari jarraituta, San Andres jaien testuinguruan garatuko dituzte talde honetako kideek antolatu ohi dituzten jarduerak. Batetik, azaroaren 13rako Eskolarteko VIII. Bakailao Lehiaketa izango da, 11.00etan hasita: 12-14 urte bitarteko lau bikote eta 14-16 urte bitarteko beste horrenbeste bikote lehiatuko dira txapelketan eta adin-tarte bakoitzeko txapeldunei garaikur bana emango diete antolatzaileek. Horrez gain, ikastetxe irabazlearentzat garaikurra emango dute eta parte-hartzen duten guztiek domina bana jasoko dute. Ikasleei prestatu beharreko bakailaoa antolatzaileek emango diete eta, gainera, nola prestatu ere azalduko diete, azaroaren 10ean 20.00etan Untzagako jubilatu etxeko areto nagusian.
Bestalde, azaroaren 27an Bakillauaren Kofradixiak XVIII. Batzar Nagusia ospatuko du eta, ohikoari jarraituta, estatuko zein atzerriko herrietatik etorritako kofradiak batuko dituen ekitaldian herriko pertsonaia zein talde ezagunei omenaldia egingo diete, Ohorezko Kofrade izendatuta eta aurtengo omenduak Asier Cuevas korrikalaria, Iñaki Orbegozo musikaria eta Jose Mª Cornago eta Juan Ortega Antzerki Jardunaldietako antolatzaileak izango direla aurreratu dute.