Eibarri buruzko kromo bilduma Untzagako jubilatu etxean

Eibarri buruzko kromo bilduma Untzagako jubilatu etxean
2015/11/27 eta kitto!

Gaur arratsaldean (barixakua, hilak 27), 19:30ean inauguratuko dute "Eibar 75 urte kromo bilduma" erakusketa Untzagako jubilatu etxean. ORSAY 21 elkartearen eskutik ikusgai ipini duten erakusketak, besteak beste Mandiola Lagun Taldearen eta Eibar foball taldearen fundazioaren laguntza jaso du eta abenduaren 13ra arte egongo da bisitazeko aukera, astelehenetik barixakura bitartean 19:15etik 21:15era (eguaztenetan izan ezik) eta asteburu eta jaiegunetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara. Erakusketak bi astetan Eibarrekin lotutako kromo bildumaz gozatzeko aukera emango die ikustera gerturatzen diren guztiei. Erakusketaren harira, bestalde, kromo-albuma erosteko egongo da bi egunetan (domekan, hilaren 29an eta abenduaren 12an), 10:00etatik 14:00etara jubilatu etxearen parean ipiniko duten salmenta postuan. Jubilatu etxeko arduradunek azaldu dutenez, erakusketak eta inprimaketak eragindako gastuei aurre egin eta gero geldituko diren onurak gaixorik dauden umeei laguntzeko elkarte biren (ASPANOGI eta Pausoka) artean banatuko dituzte. Bestalde, Trio Basaur taldekoek girotuko duten afaria antolatu dute gaurko.