Erosketak euskeraz egiteko lelo bila

Erosketak euskeraz egiteko lelo bila
2015/07/20 eta kitto!

Dendariak Berbetan egitasmoaren barruan, erosketak ere euskeraz egitera animatzeko lelo-lehiaketa antolatu du …eta kitto! Euskara Elkarteak. Horretarako, aurreko asteko aldizkarian, 5. eta 6. orrialdeetan, behean duzuen kupoitxoan, euskeraz erosteko bururatzen zaizuen leloa idazteko tartea duzue. Herritarrek erosketak egitera doazenean ere euskera erabiltzea du helburu lelo lehiaketak. Jakina, euskeraz izango da eta asko jota sei berba izango ditu.
Datorren astean, uztailaren 22, 23 eta 24an, egingo den Factoring edo udako merkealdi berezien azokan jasoko dira kupoiak, Dendariak Berbetan kanpainarako jarriko ditugun mahaian. Kupoi bakoitzeko Euskeraz primeran! leloa daraman poltsa laranja ederra banatuko dugu, eta horrez gainera, 100 euroko erosketa-txartelaren zozketan ere hartuko duzue parte.
Jasotako leloak Dendariak eta Ostalariak Berbetan-eko Batzordeak aztertu eta 10 aukeratuko ditu, eta aukeratutako hamar horien artean, urrian, Facebook bidez herritarrek bozkatuko dute zein gustatzen zaien gehien. 100 euroko erosketa-txartela irabazteaz gainera, lelo irabazlea, gabonetako kanpainan, opari-paketeak egiterakoan jartzen den pegatinan agertuko da.
Leloak ondorengo egun eta orduetan jasoko ditugu: uztailaren 22 eta 23an, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta uztailaren 24, 11:00etatik 13:00etara. Azken egun horretan zozketatuko da (13:15ean) 100 euroko erosketa-txartela.