Gardentasunaren ataria eta Kulturako mikrositea gehitu dizkiote udalaren webgune berrituari

Gardentasunaren ataria eta Kulturako mikrositea gehitu dizkiote udalaren webgune berrituari
2015/07/23 00:00
eta kitto!

Gaur (eguena, hilak 23) aurkeztu dute udaletxean Eibarko Udalaren webgune berritua. Azal nagusian hobekuntza nabarmenak egitearekin batera, www.eibar.eus atariari atal berri bi gehitu dizkiote: Gardentasunaren pegora edo ataria eta Kulturako mikrositea. Lehenengoan udalaren jarduerari buruzko informazio guztia, "egiazkoa eta erabilgarria" herritarrei eskaini nahi zaie, "modu erraz batean behar duten informazioa eskuratzeko moduan". Eta Kulturako mikrositeak, bestalde, udaleko kultura eragile guztiak gune bakar batean biltzeko asmoz abiarazi dute.
Aurkezpenean azaldu dutenez, "agintaldi honetan jaio berri den Gobernua Zabalik Ordezkaritzaren apusturik sendoenetakoa Gardentasunaren pegora edo ataria sortzea eta martxan ipintzea izan da: udalaren jarduerari buruzko informazio guztia, egiazkoa eta erabilgarria eskaintzea du helburu nagusitzat. Horrela, herritarrek erakundeari buruz, antolamenduaren aldetik, plangintzaren inguruan, ekonomiaz, aurrekontuez edo beste gaien inguruan nahi beste datu eskuratzeko aukera izango dute".
Gardentasunaren ataria udal webguneko menu nagusian dago txertatuta (http://www.eibar.eus/eu/gardentasuna) eta Gipuzkoa Irekia plataformaren barruan ere badago (http://www.gipuzkoairekia.eus/eu/web/eibar/hasiera).
Kulturako mikrositearen helburua, www.eibar.eus/kultura udaleko kultur eragileak batu eta kultura, euskara eta gazteriaren arloetan, besteak beste, gauzatzen diren ekimenen berri ematea da. Webgune berriak batzen dituen atal nagusien artean, besteak beste, Portalea Kultura Etxea, Coliseoa, Juan San Martin Udal Liburutegia, Udal Eskolak (Juan Bautista Guisasola Musika Eskola, Margo Eskola, Zeramika Eskola eta Udal Euskaltegia), Euskara eta Gazteria aipatu daitezke. Horrekin batera, Arrateko aterpetxea, Armagintzaren Museoa, Egoibarra Batzordea, Eibarko euskara edota herriko jaiekin lotutako informazio eta dokumentu interesgarriak eskuragarri ipini dituzte. Gainera, atariak bere albistegi propioa izango du eta bertan plazaratutako edukiak, automatikoki, udal webgunean ere agertuko dira. Horrez gain, ‘Agenda’ atala eta Coliseo Antzokiko zine karteldegiari eskainitakoa ere baditu.