Ihintza Fernandez eta Unai Campo, …eta kitto!-n hazitako “umeak”

Ihintza Fernandez eta Unai Campo, …eta kitto!-n hazitako “umeak”
2018/03/23 eta kitto!
...eta kitto! Euskara Elkarteak 25 urte betetzen ditu, eta elkartea hobeto ezagutzeko bazkideekin egiten ari garen elkarrizketa-sorta honetan, oraingoan …eta kitto!-ren nondik norakoak ondo ezagutzen dituzten Ihintza Fernandez eta Unai Camporekin egon gara.

Elkartearen arlo desberdinetan ibilitakoak dira Unai eta Ihintza. Unaik dioenez, “errebotian ezagutu nuen …eta kitto. Etxeko gazteena naiz. Andoni nire anaia banaketarekin hasi zen eta hortik aurrera uste dut etxeko denak egin ginela bazkide. Harrezkero hasi ginen elkartetik bueltaka, jende mordoa ezagutzen, eta beti ibili naiz elkartearen inguruan”. Unaik gaur egun Danobat-en egiten du lan eta denboraldi nahiko lueak pasatzen ditu hemendik kanpora laneko kontuak direla eta. Gauza askotan jardun du Unaik ...eta kitto!-n. Aldizkaria etxeetan banatzen “Eibar osoa” egin duela azaldu digu, auzo guztietan ibilitakoa da karroarekin gora eta behera, eta oso anekdota politak gogoratzen ditu. Txonta aldean dena elurtuta zegoela ibiltzea tokatu zitzaion behin, eta eibartarrak aldizkaria jasotzeko zain zein pozik egoten ziren eta euren lana zenbat eskertzen zuten gogoratzen du. Ihintza ere banaketa lanak egiten ibili da, eta Mekola inguruan bizi zen emakume batek barixakuero galletak eta ura eskaintzen ziela ondo gogoratzen du, izan ere “banaketa lan gogorra zen, baina bere alde onak ere bazituen”.  Gainera, batak zein besteak ederto dakite banaketa-taldeko arduradun izatea zer den. “Arduradunek banatzaileak bilatu eta talde osoa koordinatu behar izaten genuen. Pare bat egunetan etorri behar ginen …eta kitto!ra, zerrenda guztiak eguneratzeko, jendearen kexak eta komentarioak gestionatzeko… Azterketa garaietan, banatzaile-taldea osatzea ez zen batere erraza izaten, ikasi egin behar zutelako askok kale egiten zuten eta hor ibili behar izaten genuen lehengusu eta lagunen artean tiraka”.

Sagardo eguna
Ihintza …eta kitto!-ko umea izan da. Marisol bere amak urte mordoa daramatza …eta kitto!-n lanean eta lokal guztiak ezagutu ditu Ihintzak. “Beti joaten nintzen …eta kitto!-ra etxeko giltzen bila; umetxoa nintzen eta …eta kitto!-n etxean bezala sentitzen nintzen. Koldok ordenadore aurrean jartzen ninduen eta tetrisa eta antzerako jolasak jartzen zizkidan. Orduan amak beti esaten zuen: `aber, lanean gaude!´”. Sagardo eguna ere ume-umetatik ezagutzen du Ihintzak. Egun berezi horretan beti lan egiteko eta laguntzeko desiatzen egoten zen, egun polita eta alaia izan da beti berarentzat eta denetik egitea egokitu zaio: pintxoen postuan, tiketak saltzea, edalontziak eta zapiak banatzea… Azken urteetan umeentzako antolatzen diren jokoen gunean egoten da lanean. “Lehen urteetan ez zidaten lagatzen egun horretan lanean ibilitakoen artean egiten den afarira joaten, eta haserretu egiten nintzen. Adin batetik aurrera hasi nintzen, azkenean, afarietara joaten!”.
Unai ere oso gazte hasi zen sagardo egunean parte hartzen eta afari horiek oso ondo gogoratzen ditu: “soziedadetik botatzen gintuzten arte, han egoten ginen kantuan eta txisteak kontatzen, kriston anbientea egoten zen. Orain ez da hainbeste jende gelditzen, baina, lehen, oso nekatuta, baina han egoten ginen eguneko anekdotak kontatzen, lasai, barre egiten… Polita izaten zen.”Hainbeste urte eta gero, oso ondo ezagutzen dute aurten 25. edizioa egingo duen Sagardo Eguna, eta orain dela urte batzuk ekitaldi hau antolatzeko sortu zen azpibatzordeko kideetako bat da Unai.

Elkarteko zuzendaritzan
Elkartean egin duen ibilbide luze horretan, zuzendaritza taldean egotea zer den ere badaki Unaik. “Urtebete egon nintzen zuzendaritzan, eta oso esperientzia aberasgarria izan zen, gehienbat aukera izan nuelako elkartea barrutik ondo ezagutzeko eta zenbat gauza egiten diren ikusteko.  Kanpotik ez gara  konturatzen zenbateko lana dagoen atzetik. Batez ere aldizkariarekin lotzen dugu, hori da jendeak ikusten duena, baina elkartea hori baino askoz gehiago da”. Horrekin bat dator Ihintza, “aldizkariaz gain, jarduera eta ekitaldi guztiak aurrera atera ahal izateko, hori guztia finantziatzeko egiten den lana izugarria da“.
Ume txikien irakaslea da Ihintza, eta, horretaz gain, elkarteko “Barixakuak Jolasian” jarduerako arduraduna. “Barixakuak Jolasian”  Gurasoak Berbetan egitasmoaren barruan dago. Ihintzak azaldu digunez, “guraso euskaldun berriak eta euskaldun zaharrak euren umeekin etortzen dira hilaren azken barixakuan, elkarrekin gauza desberdinak egiteko: eskulanak, tailerrak, antzerkia…. Ondo pasatzen duten bitartean, gurasoak euren artean eta umeekin euskaraz hitz egiten dute. Euskara sustatzeko eta euskaraz berba egiten gauzak egin daitezkeela ikusteko balio du. Batzuk euskara gutxi dakite, baina asko saiatzen dira, eta horrelako ahaleginak eskertu egiten dira. Gainera, tailerrak doan izaten dira, eta hori ere garrantzitsua da, edozeinek ezin ditu horrelako tailerrak ordaindu”.
Ahalegin hori, baina, ez dute leku guztietan ikusten, eta kezkatuta daude euskararen egoerarekin. Unaik dioenez, “kalean ikusten dudanarekin oso kezkatuta nago. Aitxitxa-amamak ikusten dituzu umeei euskara egiten eta kontrara, baina hor badago tarte bat, 30-55 urtekoa, oso gutxi egiten duena”. Bestetik, herriko tabernetan giro euskalduna faltan botatzen dute, eta herriko tabernariek euskal musika eta ondorioz euskal giroa bultzatzeko gehiago egin beharko luketela uste dute.