Juan Diego Ingelmo Benaventek irabazi du sanandresetako kartel lehiaketa

2011/10/28 eta kitto!

Gaur bertan bildu da Sanandresak 2011 kartel-lehiaketaren epai-mahaiko kideak, Joseba Aranzabal, Leire Kareaga eta Soco Baskaran eta hirurek aho batez honako sariak ematea erabaki dute: nagusien mailako lehenengo saria Juan Diego Ingelmo Benavente-rentzat (Burriana, Castellon) izan da, "Behi" izenburuko lanarekin. Hori izango da aurtengo San Andres jaiak iragartzeko erabiliko duten kartela eta egileak 600 euroko saria jasoko du. Lehiaketako irabazleak aurretik ere hainbat sari eskuratu ditu Espainiako herri ezberdinetako jaien inguruko kartel lehiaketetan.
Horrez gain, 11 eta 14 urte bitartekoen mailako lehen saria Irati Cobo Ugarteburu (12 urte) izan da, "Azenaroia" izenburuko kartelarekin eta 10 urtetik beherakoen mailan, berriz, 10 urteko Goretti Abascal Larrabe nagusitu da, "Barazkiak gaztau" izenekoarekin.
Udalak antolatutako lehiaketaren azken deialdi honetara aurkeztutako lanak 73 izan dira orotara; helduen mailan 31 lan lehiatu dira, 11-14 urte bitartekoen mailan 18 eta txikienen mailan, berriz, 24.