Juanma Cano eta Maite Lorenzo (aktoreak): “Benetan gertatutakoa izateak balio erantsia ematen dio antzezlanari”

Juanma Cano eta Maite Lorenzo (aktoreak): “Benetan gertatutakoa izateak balio erantsia ematen dio antzezlanari”
2017/05/05 eta kitto!
Bikote moduan edo anai-arreba lez, antzerkiak Juanma Cano eta Maite Lorenzoren bizitzak batu ditu azken urteotan. Cano berak idatzitako ‘Novios’ mikroantzerkiarekin ikusi ditugu orain arte (Guridi tabernan, gaur, 19:30etan), baina apustua bikoiztu dute. Jose Luis Gonzalez ‘Poxpolo’-k idatzitako ‘El oximoron de la abuela’ estreinatuko dute hilaren 19an, barixakua, Ermuko Antzokian, eta eurekin egon gara entseiu baten erdian.

 

-‘El oximoron de la abuela’ estreinatzekoak zarete. Zertan datza?

Maite: Kausalitatez etorri den zerbait izan da. Beste antzezlan bat prestatzen ari ginen, uda tartean geneukan, eta ‘Poxpolo’-k komentatu zigun antzezlan bat idatzita zeukala. Bertako protagonistak anai-arrebak ziren eta antzeztu genitzakeela ikusi genuen. Irakurri genuenean liluratuta geratu ginen. Testu hori antzeztu nahi genuen, bertan agertzen ziren ideiak gureak ere direlako.

Juanma: Anai-arrebek familiaren iraganari buruz dakitena partekatzen dute antzezlanean. 30. hamarkadan gertatutako gauza izugarriak kontatzen dira, eta nahiz eta pertsonaia biek gertakizunen eta bizitzaren ikuspuntu ezberdinak izan, istorioak kontatzen doazen heinean norberak bere interpretazioak egiten ditu eta, azkenean, oso beharrezkoa den mezu positibo batera iristen gara.

M: Errepublikarrak dira biak, baina batek garaipena ikusi du eta besteak porrota.

J: Nire pertsonaia ezkorra da eta bera, ordea, praktikoago eta positiboagoa. Ondorioz, nahiz eta familia, bizipen eta ideiak partekatu, bien arteko gatazka ematen da.

-Antzezlana, berez, zein motakoa da?

J: Ez da komedia, baina badu komedia kutsua. Azkenean, istorioan zehar sentimendu asko ateratzen dira eta baditu barre egiteko momentuak, une tragikoak eta esperantzakoak ere. Pentsarazten duen antzezlana da.

M: Antzezlanak igortzen duen mezua da garrantzitsua: barkatzea, baina zu zeu izaten jarraitzea, arerioak irabazi gabe. Hori da antzezlanak duen onena.

-‘Poxpolo’, autorea, ezaguna duzue.

J: Bere amonaren historia da. ‘Poxpolo’ hunkituta dago, bere familiaren historia eszenatoki gainean ikusiko duelako. Kontatzen dena benetan gertatutakoa izateak balio erantsia ematen dio antzezlanari.

-‘Novios’ antzezlanarekin hara eta hona zabiltzate.

J: Zazpi aldiz antzeztu dugu eta onena da antzezpen bakoitza ezberdina dela.

M: Oso ondo pasatzen dugu ‘Novios’ egiten, alaia da eta jendeak ere gozatzen duela ikusten dugu.

J: Ezkontzera doan bikotea gara. Bere pertsonaiak ez dauka ezkontzeko gogo handirik, baina nirea irrikitan dago.

M: Publikoa harritu egiten da eta berehala sartzen da jokoan. Eurekin elkar eragiten dugu.