Egitarau zabala antolatu du Eibarko udal liburutegiak martxorako

Egitarau zabala antolatu du Eibarko udal liburutegiak martxorako
2018/03/05 eta kitto!
Eibarko udal liburutegiak egitarau zabala antolatu du datozen asteetarako eta, gainera, bat egin du emakumearen egunaren inguruan antolatutako egitarauarekin. Bihar, martitzena (martxoak 6), "Secuelas de nuestras guerras y derrotas: de la República a la modélica Democracia" liburua aukeztuko du Josemaría del Palacio Alonso egileak,  19:00etatik aurrera, Portaleko Areto Nagusian. Aurkezlea: Asier Ecenarro izango da.


Josemaria del Palacio Alonso (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1948) Mondragon kooperatibetako tekniko erretiratua da Ezkondua, bi alaben aita, nahitaezko etorkinen semea. Arrasaten bizi izan zen, euskal kooperatibismoaren eta nazionalismo erradikalaren sorlekuan. Diktaduratik Demokraziarako trantsizioa bizi izan zuen, militante komunista izanda; eta prozesu hori gure gizarterako erabakigarria izan dela iruditzen zaio eta horren berri ematen du lan honetan. Obra honekin, “Matando sueños, sembrando miedos. Morales de Toro, 1936…” liburuan hasi zuen ikerketa historikoari jarraipena eman dio. Liburu hori 2009an argitaratu zuen, Cándido Ruiz Gonzálezekin elkarlanean.

Bestalde, bihar baita, "Jenisjoplin" liburuari buruz jardungo du Uxue Alberdik Harixa Emoten irakurketa taldearen martxoko saioan. Ekitaldia irekia da, eta 19:00eta hasiko da Portaleko 3. Batzartokian (1. pisuan). ...eta kitto! Uxue Alberdiri egindako elkarrizketa irakur dezakezu hemen.


uxue alberdi web

Bestalde, martxoaren 7an,  eguaztenean,  ITSASPEKO BIHOTZAK ARETO LITERARIOA zabalduko dute, eta hilaren 15era arte egongo da zabalik Portaleko Erakusketa Aretoan. Aretoaren sortzailea Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkartea da, eta Juan San Martin Liburutegiak antolatu du Berdintasun sailaren laguntzarekin. Bertan, genero berdintasunaren gaia lantzen da euskarazko haur literaturaren bitartez. Hezkidetza ardatz duen ibilbide artistiko-pedagogiko bat diseinatu du Galtzagorri elkarteak horretarako. Ibilbideak haur literatura bereziki, eta baita bestelako arte adierazpenak ere (ilustrazioa, jostungintza, artisautza, ikus-entzunezkoak…), barne hartzen ditu. Haur eta gazteentzat argitaraturikoen artean parametro pedagogiko hezkidetzaileak dituzten lanak hautatu dituzte saiorako. Liburu zehatz bat aitzakia izanik hezkidetzarekin lotura zuzena duen gai bat jorratuko dute umeekin arte diziplina ezberdinak erabiliz aretoaren txoko bakoitzean. Batez ere L.H.ko 4. mailako haurrek bisita gidatuak egin ditzaten pentsatuta dago. Beraz, ikastetxeekin lotutako bisitak burutuko dira bi aste horien zehar. Zazpi ikastetxeko hamar talde pasatuko dira erakusketa honetatik. Familientzako saioa martxoak 12an izango da, 17:30etik 18:30era. Izen-ematea, Liburutegian egin daiteke. Dena dela, erakusketa irekia egongo da Erakusketa Aretoaren ordutegian, helduek eta familiek ere bertako liburuak eta arte-lanak ikus ditzaten eta horien inguruan hausnar dezaten.

itsaspeko bihotzak (1)

Emakumeak: feminismoa pil-pilean
Azken denboraldi honetan feminismoa denen ahotan dago. Liburutegira sartu diren azken eskuraketak ezagutzera emateko, interesgunea eta irakur-gida bat egin dute: https://padlet.com/eibarkoliburutegia/xr7b0dzp8hwf

Genero berdintasuna umeen liburutegian ere
Txoko morea  interesgune
a jarri dute Eibarko Umeen Liburutegian. Bertan emakume ausart eta ospetsuen biografiak aurkitu daitezke, ipuin ez sexistak eta genero berdintasuna lantzeko hainbat material.  Hona hemen txoko horretan ditugun liburuekin prestatu duten gida: https://padlet.com/eibarkoliburutegia/o5tcnqgki5q

Genero berdintasuna

Zapatuko ipuina
Martxoaren 24an, zapatua, ipuin-kontaketa egongo da Ana  Rodríguezen eskutik, 18:00etatik aurrera, 4 urtetik gorako umeentzat.
Ipuin-kontaketa honekin portaerak aldakorrak direla jakinarazi nahi da. Aldi berean, etxeko harremanetan oinarrituta dagoen arren, gizarte honek ematen dituen aukera guztiak denontzat direla ikustea nahi dute antolatzaileek.

Mendizaletasuna
Bestalde batetik, Eibarko Klub Deportiboak urtero antolatzen dituen Mendi Jardunaldiak aitzakitzat hartuta, Liburutegian mendizaletasunari buruz duten edukia apaletatik atera eta erakusgai jarri dute Liburutegiko sarreran. Hona hemen aukeratu duten liburuen gida. Baina gehiago ere badago Liburutegian: ibilbideak, mendizaletasuna, senderismoa… https://padlet.com/eibarkoliburutegia/qgypy568lavr