Oraindik sarrerak gelditzen dira ostiral honetan Mogel Isasiko ikasleek Coliseoan eskainiko duten "Isaskara" musikalerako

Oraindik sarrerak gelditzen dira ostiral honetan Mogel Isasiko ikasleek Coliseoan eskainiko duten "Isaskara" musikalerako
2018/04/17 eta kitto!
Mogel Isasiko ikasleek ostiral honetan, apirilaren 20an, Isasikara musikala eskainiko dute Coliseo Antzokian 18:00etan.  Lantaldetik adierazi digutenez, "merezi du seme-alabekin ikustera joateak. Oraindik badago sarrerarik salgai Coliseoko txarteldegian eta Interneten Kutxabank-en bidez".

Geroz eta gutxiago falta da Mogel Isasi BHI institutuko ikasleek, hilabete luzetan zehar goxo-goxo prestatu duten musikal emanaldia heldu dadin. Saharar lurretatik iritsitako neskatila bat izango du protagonista, hemengo egunerokotasunean murgiltzen hasiko zaigu, zer gertatzen zaion, ingurukoek nola hartzen duten, bertako ohiturak nola deskubritzen dituen eta beste kontu ugari erakutsiko digute, artista senez, Coliseo antzokian. Institutuko eguneroko arazoak agertuko zaizkigu, umore puntu batez, betiere ikasleen ikuspuntutik, eurentzat eskola zer den edo nola irudikatzen duten jakin ahalko dugu ordubete pasa iraungo duen emanaldian.

"Bistan da musikala osatzea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Orduak behar dira lanean, sortuz eta ikasiz, entseguak eginez, gidoiak landuz, dantzak eraikiz eta pertsonaien larruan interpretazioak burutuz". Zeregin guzti hauetan aritu dira, ahalegin berezia eginez, Mogel Isasiko ikasleak, berritzailea den musikalaren proiektua gauzatu ahal izateko. Ikasleen sorkuntza gaitasuna eta arte tradizio ezberdinen lanketa garatzeaz gain, euskaraz topaleku dibertigarria izan dute gazteek, eskola orduetatik kanpo, bestelako kontuak ere euskaraz egin daitezkeela ikusiz eta frogatuz.

Aipatu beharra dago, irakasleen laguntza eduki duten arren, ia ia goitik behera beraiek egin dutela musikala, horrek dakarren lan guztiarekin, oraindik hasiberriak diren pertsonentzat. "Garbi dago, beraz, herritarrak gonbidatu nahi ditugula ekimen honen emaitza ikustera apirilaren 20an Coliseo antzokian. Zalantzarik ez izan, esperimentu dibertigarri honekin umorez kutsatuko direla bertaratzen diren ikusle guztiak, ongietorriak Isasiko lurrikarara, Isaskara!"