Pello Lizarralde (idazlea): “Irakurleak liburua berriz idazten du edo ez dago libururik”

Pello Lizarralde (idazlea): “Irakurleak liburua berriz idazten du edo ez dago libururik”
2017/05/02 eta kitto!
‘Harixa emoten’ irakurle taldeak denboraldiko azken saioa egingo du gaur, maiatzaren 2a, 19:00etan Juan San Martin liburutegian. Goi-mailako amaiera izango da, Pello Lizarralde arituko delako irakurleekin solasaldian ‘Elur bustia’ bere azken nobelari buruz berba egiten. 2016ko 111 Akademiaren Sariko finalista, Ramiroren azal eta buruan jartzera eramaten gaitu Lizarraldek bere eleberrian.

 

– Liburuan deskubritzen dugu Ramiro Iparraldera lan bila joan eta, lanak huts egin ostean, etxera itzuleran dela. Azken urteotan sarri ikusi, entzun eta, batzuetan, bizi izan dugun istorioa.

Badago jende asko, Ramiro bezala, normal bizi eta, bat-batean, gauzak okertzen zaizkiona. Hortik irtetea oso zaila egiten da. Kolpe txarra jaso eta, behingoan, gure bidetik kanpo geratzen dira. Besteok, bitartean, gurean jarraitzen dugu eta ez diegu kasu egiten.

– Ramiro-ak inguruan ditugu, gero eta gehiago, baina ikusezinak dira gizartearentzat?

Eurentzat zaila da elkartu eta ikusgaitasuna izatea. Jende asko bizi da horrela, baina asko etxetik kanpo bizi dira, beste toki batera joan direlako lan bila edo dena delakoa eta, bestetik, beste arazo batzuk dituzte tartean askok. Oporretan Extremadurara joan nintzen, Caceresera, eta han 30 bat langabetu zeuden plazan bilduta. Biltzen ziren lehen aldia zen. Eurekin berbetan, batek esan zidan 11 urtetan egun bakarrean bakarrik egin zuela lan. Ez ziren kalean bizi, baina egoera oso zailean eta, horrela, eurentzat gaitza da elkartu eta aurpegia ematea. Nola heldu daitezke komunikabideetara? Komunikabideetatik kanpo dagoena ez da existitzen, ez dugu ikusten, eta eurentzat zaila da hedabideetara heltzea.

– Krisi ekonomikoaz orokorrean berba egiteak, zenbaki handiak erabiliz, hotzean... errealitatean dituen ondorioak ahaztu arazten gaitu?

Familian edo inguruan horrelako kasurik ez badugu, ez diegu erreparatzen. Euskal Herrira krisi ekonomikoa ailegatu zenean “ez dakit ba hainbesterainokoa denik”, esaten genuen. Baten bat fabrikatik kaleratu zuten eta orduan hasi ginen zerbait antzematen. Ukitzen ez gaituen bitartean, zaila da bestearen tokian jartzea. Liburua idaztea da, beraz, toki horretan jartzeko egin dudan ahalegina. Egoera horretan dauden pertsonen buruan zer dagoen irudikatzea, nondik dabiltzan pentsatzea... hurbilketa egitea azken finean. Nik ez dut egoera hori bizi izan, baina hurbildu naizen susmoa daukat. Liburuak galderetatik hasten ditut eta erantzunetara hurbiltzeko saiakera egiten dut. Liburu honetako egoerei urrunetik begiratzen diegu eta modu ‘eskisitoan’ jartzen gara. “Horrela daude ez dutelako lan egin nahi”, “dirulaguntzak jaso eta ezer egin gabe bizi nahi dute”, “ez dute kemenik egoera horretatik irteteko”... amorrazio horretatik ekin dut. Irudi bat ikustea izan zen liburu honen abiapuntua, lehen pasartean azaltzen dena. Gero, mugarriak markatu nituen eta ez nekien nora iritsiko nintzen. Erantzunak bilatzen saiatu nintzen. Gero, erantzunak irakurleen esku geratzen dira. Galdera hauek egin nizkion nire buruari: nola nagoen ni, nola gauden gu eta ni nola nabilen besteen artean. Horiek pilatu eta hortik mamia ateratzen joan naiz.

– Azken liburutik lau urte pasa ziren ‘Elur bustia’ argitaratu arte. Denbora behar duzu sortzeko?

Niretzat idaztea ez da egunero ordenagailua aurrean zerbait idaztea. Erne egon behar zara. Ez bazara bizi, ez dakit zer sor daitekeen. Nik bizitza arrunta egitea behar dut eta, bat-batean, liburua hor dagoela sentitzen dut. Normalean urte bi pasatzen dira liburu bat argitaratu eta bestea sortu aurretik. Jarraipena izango dudala jakin behar dut, egunero idatziko dudala ziur izan, ez baitakit aldizka idazten. Mantso, baina seguru idazten dut.

– Literatur solasaldia izango duzu Eibarren datorren astean. Eroso sentitzen zara horrelakoetan?

Beste eskaintza gehienak ez, baina irakurle kluben eskaintza jasotzen badut, pozez onartzen dut. Oso interesgarria da irakurleen iritzia jasotzea eta harritu egiten naute liburuaren inguruan egiten dituzten interpretazioek. Oso aberasgarriak dira. Irakurleak liburua berriz idazten du edo ez dago libururik.