Umeendako zirko tailerra gaur arratsaldean Urkizun

Umeendako zirko tailerra gaur arratsaldean Urkizun
2015/06/17 00:00
eta kitto!

Ikasturte honetako "Gurasoak Berbetan" programari amaiera biribila emateko, gaur (eguena, hilak 18) zirko tailerra egingo da Urkizuko parkean, arratsaldeko 17.00etatik aurrera. Malabareak, ekilibrioak eta akrobaziak egiteko aukera izango dute 3 eta 12 urte bitarteko umeek. Jarduera hau irekia izango da. Hau da, ez da beharrezkoa Gurasoak Berbetan programan izena emanda egotea bertan parte hartu ahal izateko. Baina bai eskatuko zaie umeei gurasoekin (edo heldu arduradunarekin) lagunduta etortzea. "Gurasoek programa ezagutzea nahi dugu, seme-alabekin ondo pasatzea, beste guraso batzuekin egotea eta hau dena euskaraz egitea", adierazi dute programako dinamizatzaileek.


...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatzen duen Berbetan mintzapraktika programako atal garrantzitsuenetarikoa da gurasoena. “Gurasoak Berbetan” programak gurasoen erabileran eragitea du helburu, bai gurasoak seme-alabei ari direnean zein euren artean dihardutenean ere. Transmisioaren gaia oso garrantzitsua da, baita umeei esaten diegun horren eredu izatea ere. Euskaraz hitz egiteko gaitasuna izanda, ez du zentzurik umeei euren artean euskaraz egiteko eskatzea, geure artean gazteleraz dihardugula ikusten badute.