Virginia Arakistain (argazkilaria): “Hirietako bizitza isladatzea gustatzen zait”

Virginia Arakistain (argazkilaria): “Hirietako bizitza isladatzea gustatzen zait”
2018/05/11 eta kitto!
Maiatzaren 27ra arte Virginia Arakistain argazkilari eibartarraren lanak ikusteko aukera izango dugu Topalekuan, Argazkilaritza Maiatzean ekimenaren barruan antolatutako erakusketan. Aspaldi buruan zeukan ideiatik abiatuta –hiriak eta hirietako bizimodua– zuribeltzezko 28 argazkiz osatutako erakusketa bikaina prestatu du Klub Deportiboko argazkilariak,  horien artean 2009an I. Ojanguren Saria eskuratzeko balio izan ziona.  Ezin dugu ahaztu sari hori irabazi duen eibartar bakarra izateaz gain, oraingoz lehiaketako emakume irabazle bakarra dela Virginia Arakistain.

- Nolako argazkiak aukeratu dituzu Topalekuko erakusketarako?
Arkitekturari lotutako erakusketa da. Asko gustatzen zaizkit lineak, formak eta hiriak isladatzea. Orohar, arkitektua modernoaren aldeko apostua egin dut oraingoan. Munduko leku askotako hiriak agertzen dira: Bartzelona, Bilbo, Londres, Palermo, Venezia... Eibarko Alfa eta Coliseoaren irudiak ere aukeratu ditut. Paisajeak eta beste era batekoak ere ateratzen ditut, baina  nahiko urbanita naiz, asko disfrutatzen dut hirietako bizitza isladatzen, eta hirietan ateratako material asko daukat.

- Argazki batzuetan erraz ikus daiteke non ateratakoak diren; beste batzuekin, ostera, zailagoa da.
Erakusketako argazki batzuetan detaileak agertzen dira, adibidez San Telmoko fatxadaren detaile edo zati bat, edo Coliseo antzokiko tximenea, baina beste batzuetan argazki “irekiagoak” dira eta hauetan argi ikus daiteke non ateratakoak diren.

- Zein irizpide erabili dituzu erakusketa antolatzeko?
Hasieran argazki itxiagoak jarri ditut eta gero zabaltzen doaz, hau da, hasierakoetan detaileak erakusten ditut eta gero pixkanaka enkuadre zabalagoak dituztenak jartzen joan naiz. Eta guztiak zuribeltzezkoak dira.  Zuribeltza lantzea gustatzen zait. Esan dezaket oso gustora gelditu naizela emaitzarekin.

- Klub Deportiboko Argazkilaritza Taldeko kidea zara orain dela urte mordoa. Zer eman dizu taldeak?
1993an egin nuen nire lehen ikastaroa Unibertsitate Laboralean Jose Valderreyrekin. Ikastaroa amaitu eta Deportiboan sartu nintzen eta hor jarraitzen dut, ikasten, praktikatzen eta, aldi berean, arkazkilaritza besteei ezagutzen ematen. Nik talde honetan ikasi dut dena eta oso gustora egoten naiz.N iretzako argazkilaritza hobby bat da eta taldean egotea oso garrantzitsua da: askotan elkarrekin joaten gara erakusketak ikustera eta eurekin bidaiak egiten ditut, esate baterako Bakarne Elejalderekin, argazkiak ateratzeko.

- Beraz, beti kamara gainean eramaten duzun horietako zara.
Lagunekin bidaiatzen dudanean ere, beti eramaten dut kamara bat gainean, nahiz eta txikiagoa izan. Batzuetan gertatu zait kamara gabe egotea eta argazkiak “ikustea” edo zuribeltzean imaginatzea, eta pena handia ematen dit ezin ateratzeak.

- Gaur egun argazkiak erretoke askorekin ikusten ditugu...
Argazkiak errebelatzeko eta artxiboa antolatzeko ordenadoreko erramintak erabiltzen ditut, eta horretarako pazientzia handia daukat, baina Photoshopa edo erretokea ez dut apenas erabiltzen, ez zait larregi gustatzen.