Virginia Fernandez: “Musika lasaia egin arren, gure doinuek beti daukate rock kutsua”

Virginia Fernandez: “Musika lasaia egin arren, gure doinuek beti daukate rock kutsua”
2018/06/08 eta kitto!
Igande musikatuak eskaintzen hasi dira Legarre kalean dagoen ‘Tarte’ kafetegian eta domeka honetan, 12:00etan, aurpegi ezagun bat ikusteko aukera izango dugu. ‘Toro y la Niña del Frenesí’ taldeak rock eta soul doinuak ekarriko dizkigu Virginia Fernandez abeslari eibartarraren ahotsetik. ‘Doctor Deseo’ taldean ikusi ahal izan ditugu, besteak beste, eta ibilbide luze eta zabala egin du bikoteak musika munduan.

 

- Nondik dator Niña del Frenesí izena?

Historia dago izenaren atzetik. Taldearen izena pentsatzen geunden Aitor Agiriano (Toro) eta biok, eta ‘Toro eta Virginia’ izena ez zitzaigun gehiegi gustatzen. Orduan, Frenesi berba irten zen, kontzertuetan trankil hasi eta oso goian amaitzen dudalako, paretetatik gora, eta horrela irten zitzaigun.

- ‘Doctor Deseotik’ irten zen ‘Toro y la Niña del Frenesí’?

Ez. Romon (Bizkaia) badago taberna oso rockero bat, Aratxu (Kanaia). Berandu itxi eta rock taberna batek izan behar duen giroa du. Askotan joaten nintzen hara eta baita Toro ere. Taberna honetako jabeak bertan jotzeko esan zidan. Ordu hartan bandarik ez nuela erantzun nion eta nire alboan zegoen Toro hartu eta “hemen duzu banda”, esan zidan jabeak. Horrela ezagutu nuen Toro. Abendua zen eta urtarrilaren 21ean taberna horretan jotzeko enkargua egin zigun. “Errepertorioa prestatu eta nahi duzuena ordainduko dizuet”. Guk ez genion jaramon askorik egin eta juergan joan ginen. Hurrengo egunean Torori deitu nion, tabernakoak eskainitakoa komentatu eta aurrera egitea erabaki genuen. Aratxuko kontzertua eskaintzea bakarrik zen gure asmoa, baina taberna bete egin zen eta demaseko arrakasta izan genuen. Beste toki batzuetan jotzeko eskaintzak egin zizkiguten gau horretan eta taldearekin aurrera egitea erabaki genuen. Hortik hilabetera ‘Doctor Deseoren’ bira hasi behar zen eta, antza denez, Francisek gure kontzerturen bat ikusi zuen eta eurekin joateko eskaintza egin zidaten.

- Bikote moduan zabiltzate, baina beste talde batzuekin kolaboratu duzue baita ere, ezta?

‘J.O.E.’ rock taldearekin diskoa grabatu berri dugu. Torok baxua jotzen du eurekin eta ni abeslaria naiz.

- ‘J.O.E.’-rekin bira egiteko asmoa daukazue?

Oraindik diskoa grabatzen amaitu behar dugu eta ez daukagu biraren datarik itxita, baina Sopelako ‘Golfo norte’ tabernan kontzertua eskainiko dugu hemendik gutxira.

- Bestela ere ‘Toro y la Niña del Frenesi’ taldeak bere bidea jarraitzen du?

Bai, handik edo hemendik deitzen digute eta gu joaten gara. Zorionez ez gara kontzertuak eskaintzeko bila ibiltzen. Hasi ginenean ez zegoen hainbeste duorik eta kontzertu asko eskaintzeko aukera izan genuen ospea hartu arte.

- Nolako musika entzun ahal izango dugu ‘Tarte’ kafetegiko kontzertuan?

Rockeroak gara, baina soularekin eta R&B-arekin hasten ditugu kontzertu akustikoak, nahiz eta gero musika gogorragoa sartzen dugun. Soula edo musika lasaia egin arren, gure doinuek beti daukate rock kutsua.

- Domekan eguerdiko 12:00etan joko duzue. Ez da oso ordutegi rockeroa.

Egia esan taberna-zuloetan gauez jotzen ohituta gaude, nahiz eta Marlangoren hasierako taldea ere izan garen eszenatoki txukunetan. Noizbait jo izan dugu eguerdian Bilboko kaleetan. Ondo dago, pare bat bermut edanda jendea animatuko da.

- Ordutegiak kontzertua baldintzatzen du?

Ez dauka zertan, baina niri argi gutxiko tokiak gehiago gustatzen zaizkit. Gehiago konektatzen dut jendearekin. Eguerdiko kontzertuetan, adibidez, publikoak ikuslearen papera hartzen du eta gauez tabernetan eskaintzen diren kontzertuetan interakzio handiagoa dago. Publikoaren jarrera oso garrantzitsua izaten da, baita lagunak dauden ala ez.

- Ziur ‘Tartera’ hainbat lagun joango direla. Zure jaioterrian jotzeko gogotsu?

Hainbat aldiz jo dut Eibarren, baina asko ez. Nire herrian jotzea gustatzen zait, baina Bizkaia aldean gehiago jo dut hemen baino. Inor ez da profeta bere lurraldean.