Zaloa Urain (KOKEIN): “Oso pozik gaude disko berria gure herrian estreinatzen dugulako”

Zaloa Urain (KOKEIN): “Oso pozik gaude disko berria gure herrian estreinatzen dugulako”
2016/11/18 eta kitto!
Kokein talde eibartarrak lau urteko isiltasun diskografikoa apurtu du Lurpekhariäk diskoarekin. Hori  gutxi balitz, 9 kantuz osatutako diskoaren aurkezpena egingo dute Untzaga plazan datorren astean, azaroaren 25ean, Sanandresetako egitarauaren barruan. Egun horretatik aurrera egongo da diskoa kalean. 15 urteko ibilbidea eta gero taldearen bosgarren diskoa da eta, musikari dagokionez, rock ildoan segitzen dute. Kantu batzuk  distortsioz beteta datoz, eta beste batzuk garbiak eta melodikoak dira.

- Nolako sentimenduak eta emozioak pizten dira lan berri bat norberaren herriko plazan aurkezteko egun gutxi falta direnean?
Plazetan jotzen duzunean badago bertigo antzeko bat. Herriko plaza, aurkezpena… ez diozu handitasun larregirik eman nahi, baina eguna hurbiltzen doan neurrian, konturatzen naiz garrantzia doala hartzen, eta ilusioa eta urduritasuna hor daudela. Eibarko plaza ez da erreza guretzat. Dena dela, karpa jarriko dute, eta txosna bat Jaiak Herrixak Herrixandako taldekoek, eta horrek lagundu egingo digu.  Espero dugu, Eibarren bertan gaudenez, jendea animatzea. Guk asko disfrutatzen dugu eszenatoki gainean, ezin da momentu horietan sentitzen duzuna hitzekin adierazi eta oso pozik gaude diskoa gure herrian estreinatzen dugulako.

- Nola joan da grabaketa? Eduki aldetik berritasunik edo aldaketarik ikusiko dugu?
Abesti batzuetan jendeak segiduan ikusiko du gu garela, baina beste batzuetan berahala ikusten da orain dela 4 urte aurreko diskoarekin hasitako bide indartsuagoa. Nahi gabe horretara jo dugu gehiago, entsaiatzen dugunean abestiak ateratzen joaten dira eta gero gustukoago ditugunak aukeratzen ditugu. Abesti batek benetan merezi duela ikusten dugunean jarraitzen dugu horrekin aurrera.  Instrumentazioak Tolosako Bonberenea estudioan grabatu ditugu Karlos Osinagarekin eta oso ondo ulertu du zer nahi genuen. Ahotsak Donostiako REC grabaketa estudioan grabatu ditugu. Azken honetan Lete gure bateriak egiten du lan, eta gertutasun honek asko laguntzen du ahotsarekin beste xarma bat lortzen. Diskoa rockeroagoa da, azkarragoa, baina kantu lasaiak ere badaude. Indarra, hala ere, abesti lasaiagoetan ere jartzen dugu beti. Dilema handia izan dut beti indarraz hitz egiterakoan. Badaude abesti lasai batzuk, hain elektrikoak ez direnak, baina askoz ere gogorragoak izan daitezkeenak, hor jartzen duzun sentimendua oso handia delako. Mantendu ditugu gure abesti lasai horiek edo ez hain azkar horiek, baina erritmo azkarrekin aurreapausu bat eman dugu, batez ere ahotsaren inguruan. Oraingoan errtimo azkar horietan ahotsa abestietan oso ondo barneratzea lortu dugu. Diskoa grabatu aurretik, instrumentazio guztia eta ahots guztiekin simulazio edo maketa antzeko bat egin genuen.  Hori entzutean irrifarrea irten zaitzaigun eta  lan ona zela ikusi genuen  Horretan oinarrituta gero aldaketak egin ditugu diskoa grabatzerakoan, eta asko disfrutatu dugu, gozamena bat izan da.

- Beraz, pozik zaudete egindako lanarekin.
Ikusi beharko da jendearen jarrera, baina uste dut asmatu egin dugula, eta oso pozik gaude emaitzarekin.  Bost diskoetatik hauxe da gehien disfrutatu dudana. Pertsonalki ahotsarekin ere ikusten dut ibilbide bat noala egiten; adinarekin segurtasuna hartzen duzu, lotsa uste dut aspaldi galdu nuela abesteko orduan, beldurra kentzen duzu. Betiko abestietan, geldoagoetan eta sentimentalagoetan, oso gustora nago, beti bezala, baina abesti kañeroetan oso ondo ikusten dut nire burua. Gainera beti izan da asko gustatu zaidan estiloa. Poliki-poliki gure gustoak definituz joan dira

- Nolako gaiak landu dituzue?
Oraingoan Jatsuk bi kantu idatzi ditu eta besteak nireak dira, baina denon ekarpenak eta ideiak egon dira.  Gutako batek bizitako esperientzia gogor bat agertzen da, eta hau bereziki polita da. Gai aldarrikatzaileak ere badaude, eta baita sexuari buruzko bat ere. Momentua aprobetxatzeko garrantziari buruz  eta sentimendueri buruzkoak ere idatzi ditugu. Letrekin ere pozik gaude. Idaztea sentimenduak kanpora ateratzeko modu ezinhobea da. Letra batzuk ilunak izan arren, nik diskoari baikortasun handia ikusten diot. “Orain da momentua, aprobetxatu egin behar dugu, aurrera goaz”, hori da mezua. Gu ere, talde bezala, oso momentu onean gaude eta hori uste dut diskoan ondo isladatzen dela.

- Aurreko diskoa biniloan atera zenuten. Oraingoan bide horretatik jarraitu duzue?
Aurreko diskoan gure kontu hartu genuen ekoizpena eta biniloan ateratzeko ametsa bete genuen.  Orain CD formatoan eta biniloan, biak batera aterako ditugu. Gu oso binilozaleak gara; soinua desberdina da, beste xarma bat dauka. Plataforma digitaletan ere izango da. Azken finean,  hainbeste maite duzuna, horrenbeste pasioarekin egin duzuna jendearekin elkarbanatu nahi duzu. Zenbat eta jende gehiagorengana heldu, hobeto. Sanandresetako kontzertua eta gero, abenduaren 3an Durangoko azokan joko dugu, eta abenduaren 16an Tolosan. Donosti, Bilbo, Gasteiz, Elorrio eta Errenterian ere egongo gara, oraindik datak zehaztu gabe badude ere.

- 15 urte daramatzazue elkarrekin, eta nahiz eta bakoitzak bere lana eta bizitza izan –batzuk Eibartik kanpo bizi dira–, aurrera jarraitzen duzue...
Aspalditik gara lagunak eta gauza asko bizi izan ditugu elkarrekin. Disko honetan ikusten dut guztiz bat eginda gaudela bostok. Amankomunean daukaguna da denok oso musikazaleak garela, eta musika pasioa dela guretzako, bestela ezingo ginen 15 urtean elkarrekin egon. Oso momentu onean geunden gure artean, eta disko honen grabaketak oraindik gehiago bildu gaitu. Ez da erreza, ordutegiak arraroak dira, gauez entsaiatzen dugu, kontzertuak gabean dira…. baina egin daiteke. Denbora asko behar da, guk geuk egiten dugu dena, baina poztasun handia ematen dizu eta konpentsatu egiten du. Ni ezingo nintzateke bizi musikarik gabe.

- Taldeko abeslaria eta emakumea izanda, nolakoa izan da urte hauetan bizi izan duzun ibilbidea?
Hasieran gogorragoa izan zen. Orain neska gazte gehiago dago abeslari moduan, baina gu hasi ginenean Euskal Herrian 3 edo 4 neska besterik ez zegoen abesten. Exigentzia askoz ere handiagoa zegoen gurekiko. Urte horiek arraro samarrak izan ziren niretzako; beti gustora, taldearen babesa eta elkartasuna beti izan dudalako, baina presio hori argi eta garbi somatzen zen. 40 urterekin, pasio berarekin edo handiagoarekin jarraitzen duzunean, ideiak hain garbi dituzunean, zu zeu izateko beldurrik ez daukazunean... askoz ere gehiago disfrutatzen duzu. Ibilbide pertsonal hori sakona izan da. Segurtasunean irabazi dut.  Azken aldian emanaldi akustikoak eman ditugu, gitarrak, bajistak eta nik, eta formato horretan ere asko disfrutatzen dut. Eta horrekin bete dugu kontzertuen zulotxoa. Oran berriro kontzertuekin hasteko desiatzen gaude.

kokein1