Markel Olano Milaflores inguruko lanak ikusten izan da

Markel Olano Milaflores inguruko lanak ikusten izan da
2016/12/30 eta kitto!
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatua Eibarren egon dira gaur goizean, Milafloresen espaloia egiteko amaitu berri diren lanak ikusten. Bisitan adierazitakoari jarraituz, Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-3950 errepidean, Arrate-bidetik Milafloreserako bidegurutzerainoko tartean egindako espaloiarekin oinezkoen segurtasuna hobetu nahi izan dute. Espaloia egiteaz gain, Arratera joateko bidegurutzea moldatu da eta seinaleak egokitu dituzte.
Olanok esan duenez, “Foru Aldundiak, Eibarko auzo honetako bizilagunen irisgarritasun eta mugikortasun arazoei irtenbidea eman nahi izan dio”. Oiarbidek azpimarratu duenez, “auzokoentzat proiektu honek zuen garrantziaz jabetuta, departamentuko aurrekontuan lekua egin diogu eta, oinezkoen segurtasunean irabazteaz gain, Eibarrera gerturatu dugu aparte gelditzen zen auzo bat”.
Azaldu dutenez, metro bateko zabalera duen espaloia egin da. Horrez gain, Milafloreserako sarbidetik gertuen geratzen den eremuan hormigoizko horma eraiki dute, zati horretan espaloia zabaldu ahal izateko. Obrak 100.720 euroko kostua izan du.

image

image