Mendilibarrek urtebetez berritu du kontratua Eibarrekin

Mendilibarrek urtebetez berritu du kontratua Eibarrekin
2017/04/10 eta kitto!
Jose Luis Mendilibarrek urtebetez berritu du Eibarrekin lotzen duen kontratua eta talde armagina zuzentzen jarraituko du 2018. urteko ekainaren 30era arte. Zaldibarko entrenatzailea iazko denboraldian iritsi zen Eibarrera bigarren aldiz, 2004-2005. denboraldian ere zuzendu baitzuen Eibar. Orduan ere azken jardunaldira arte 1. mailara igotzeko borroka jardun zuen taldeak eta, denboraldia amaituta, Athletic-ek fitxatu zuen. Iragan denboraldian taldea Lehen Mailari eustea lortu zuen, eta aurten Europako postuetan sartzeko lehian bete-betean dabil Eibar.
Gaur eskainitako prentsaurrekoan, Mendilibarrekin izan dira Amaia Gorostiza Eibar Kirol Elkarteko presidentea, Jose Maria Arrizabalaga presidenteordea eta Fran Garagarza zuzendari teknikoa. Hirurak bat etorri dira Eibar moduko talde batentzat Mendilibar entrenatzaile aproposena dela esaterakoan. Ekainaren 1ean izango diren hauteskundeei begira ere, hautagai guztiek berriztarraren aldeko jarrera erakutsi dute eta, hori dela-eta, iaz baino lehenago berritu dute Mendilibarren eta bere taldearen kontratua. Iñaki Beak, Josu Anuzitak, Toni Ruizek eta Andoni Azkargortak osatzen dute talde hori.