Pausokaren aldeko Gipuzkoako Itzulia Eibartik pasatuko da bihar goizean

Pausokaren aldeko Gipuzkoako Itzulia Eibartik pasatuko da bihar goizean
2017/10/10 eta kitto!
Pausoka behar bereziak dituzten gurasoen elkarteak antolatuta, zortzi etapetan banatutako Gipuzkoako Itzulia bihar igaroko da gure herritik. "Korrika, amets bat lortzeko" izena du prestatutako ekintzak. Biharkoa 5. etapa izango da eta Elgoibar, Eibar, Bergara eta Antzuola lotuko ditu, 31 kilometrotan. Elgoibartik 09:30ean irtenda, Eibarko Udaletxearen aurrean izango da 10:10ak inguruan. Kepa Gordo korrikalariak dihardu eguneroko kilometro guzti horiek egiten, eta Eibarren Markel Alberdiren laguntza izango du. Pausokaren aldeko Gipuzkoako Itzuli hau Hernanin hasi zen aurreko zapatuan, hilaren 7an, eta datorren zapatuan amaituko da Urnietan, bertan Pausoka Eguna ospatzeko egitarauarekin. 2012an sortutako elkarteak umeen beharrak asetzea eta euren bizi kalitatea hobetzea ditu helburu eta, egiten dituzten ekintzekin, euren seme-alaben integrazioa eta eskubideak lortzeko bideak eskaintzea. Errehabilitazioa, fisioterapia, logopedia, osteopatia... zerbitzuak eskaintzen zaizkie horrela elkartean bildutakoei.