Plazara Dantzara dantzaldi-erromeria egingo da gaur 20:00etatik aurrera

Plazara Dantzara dantzaldi-erromeria egingo da gaur 20:00etatik aurrera
2018/03/23 13:14
eta kitto!
Aste Santuko oporren atarian, Plazara Dantzara dantzaldi-erromeria tradizionala egingo da gaur iluntzean, 20:00etatik 21:30era, Kezka dantza taldeak eta Udalak antolatuta. Dantzaldirako musika Jainaga eta Narbaiza trikitilariek eskainiko dute eta Patxi Montero dantza-irakasleak gidatuko du. Nahi duten guztiek izango dute dantzara bildu eta elkarrekin gozatzeko aukera, “lotuan, soltean zein joko-dantzen jolasean”. Toribio Etxebarria kalean izango da, baina euria egingo balu udaletxeko arkupeetan izango da dantzaldia.

dantzaldi

Herrixa Dantzan Elgetan

Bestalde, domekan Herrixa Dantzan folk dantzaldia egingo da Elgetan, Espaloia Kafe Antzokian, 19:00etatik 20:30era. Horretan ere dantza-gidaria Patxi Montero izango da eta parte-hartzea librea izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, “edatekoak eta patata tortillak eskura izango dira” eta saio berezia izango da: “Lehen zatian, Marian Arregi gogoan, Argiaren musikarekin dantzatuko dugu: jauzi bat, Axuri beltza, zortzikoa, sokak, ingurutxoak, kontradantzak, habanera... Eta bigarren zatian, Shillelagh taldearen 'Hemels douwe' CD berriko hainbat pieza dantzatuko ditugu: txotisa, polka, mazurka, borobila, Chapelloise, ingurutxoa...”.