Bildu-k herritarrei dei egiten die eguaztenean egingo den bilera irekira joateko

Bildu-k herritarrei dei egiten die eguaztenean egingo den bilera irekira joateko
2012/09/17 eta kitto!

Herriarekin zerikusia duten proiektuetan interesa duten herritarrek horietaz jarduteko aukera izango dute eguaztenean, hilaren 19an, Eibarko Bilduk deituta Portalean 19.30etatik aurrera egingo den bilera irekian. Bilduko ordezkariek sei lantalderi (hirigintza, ingurumena, euskara, gizartekintza, hazienda eta komunikazioa)
dagozkien lan ildoak zehaztuta dituztela aurreratu dute eta bileran azalduko dituztenen artean, berriz, honakoak azpimarratu dituzte:
- Hirigintza arloan Errebalerako irtenbidea, Txontarako etorkizuneko proiektua eta autobus geltoki berria izango dira ardatza.
- Ingurumen arloan, gure ingurugiroa zaintzeko zein hondakinen kudeaketarako planteatzen dituztenak azalduko dituzte.
- Euskara-lantaldeak urtea amaitu aurretik Udalari aurkeztu nahi dion euskararen inguruko ordenantza berria lantzen dihardu.
- Gizartekintza arloan, elkarrenganako errespetuan oinarrituko den inmigrazio-plana landuko dute eta, horrekin batera, pertsona nagusien bizitza kalitatea hobetzen jarraituko dute.
- Hazienda arloan, diru-bilketa hobetetzeko Foru Aldundiak planteatzen dituen proposamen berriei jarraitzeko asmoa agertu dute.
- Eta komunikazio arloan, Bolo Bolo hiruhilabetekaria hobetu eta taldearen web orriari zabalkunde handiagoa ematea nahi dute.
Horiez gain, Eibarko Bilduk Udaletik jasotzen duen dirua zenbat den eta zertarako erabiltzen duten azalduko dizkie herritarrei, urriaren 21erako deituta dauden hauteskundeei begira lotuta duten agenda ezagutzera emango dute eta laster Toribio Etxebarria kalean egoitza zabalduko dutela aurreratzeko asmoa dute.