Silvia Tubia diseinatzailea Bordelen gazte sortzaileen programan parte hartzeko hautatu dute

Silvia Tubia diseinatzailea Bordelen gazte sortzaileen programan parte hartzeko hautatu dute
2017/01/10 08:31
eta kitto!
Anuk Estudioko diseinatzaile eta ilustratzailea den Silvia Tubia eibartarra Euskadiko eta Akitaniako gazte sortzaileei zuzendutako “Vers un Ecosystème Créatif Transfrontalier. Euroeskualdeko Sorkuntzarako Mugikortasun Programa” izeneko egitasmorako aukeratu dute eta, hori dela eta, Bordelera bidaiatuko da, urtarrilaren 10etik 12ra bitartean han garatuko den Sortzaileentzako Mugikortasun Programan parte hartzeko. Aurkeztu diren proiektu guztien artean Euskadin 4 ekimen hautatu dituzte. Erabakia hartzeko orduan, epaimahaiak proiektuen originaltasuna eta izaera berritzailea, curriculuma eta ibilbidea, eta proiektuen egokitzapena bitartekoekin eta garatzen den testuinguruarekin izan ditu kontuan. Anuk Eibarren dagoen diseinu grafikoko estudioa da eta markaren komunikazioan, diseinuan eta berrikuntza digitalean espezializatua dago. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzako 'Aquitaine-Euskadi 2016' proiektu-deialdiaren baitan kokatzen da eta Garapen-ek, Garapen Agentzien Euskal Elkarteak abiatu du, Debegesa, Buruntzaldea-Beterri, Getxolan, Inguralde eta Oarsoaldea garapen agentzien bidez eta Bitamine Faktoriarekin eta Fabrique Polarekin lankidetzan. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako mugikortasun programa honek sortzaileen mugikortasuna ahalbidetuko du, "Euroeskualdean ekosistema sortzailea indartzeko asmoz". Programa honek beste bi deialdi egingo ditu 2017an. Informazio gehiagorako, Debegesaren webgunean begiratu.