Tertulia feminista egingo da gaur Andretxean Naluak egindako dokumentalaren inguruan

Tertulia feminista egingo da gaur Andretxean Naluak egindako dokumentalaren inguruan
2016/04/22 eta kitto!
Gaur, barixakua, 18:30ean hasita eta 20:00ak arte tertulia feminista egingo dute AndretxeanNalua talde feministaren "11 Emakume 11 Bizipen Borroka 1" izenburuko dokumentalaren inguruan.

Nalua talde feminista duela urte bi inguru sortu zuten Eibarko emakume gazteek. “Aurretik martxan zegoen Atakapa talde feminista indarra galtzen hasi eta desegin zen momentuan, hutsune handia somatu genuen feministek. Horregatik herri mailako deialdia egitea erabaki genuen eta hainbat emakume elkartu ginen, talde indartsu bat eratzeko asmoarekin“.

Hurrengo erronka herritarren aurrean euren burua ezagutzera ematea zen eta, aurkezpen hori ahalik eta modurik egokienean nola egin pentsatzen hasita, horretarako ikus-entzunezkoa egitea bururatu zitzaien: “Eibarren bizi den desberdintasun egoera salatzeko eta publikoari erakusteko profil desberdinak dituzten hainbat emakumeren bizipen, arazo eta egoerak bideo labur batean jasotzea otu zitzaigun. Ideia horri tira eginez, ostalaritzako langileak, kirolariak, ginekologoa, etorkinak, mugimendu feministan ibilitakoak, eta beste kolektibo eta norbanako batzuekin kontaktatzea lortu genuen eta, horiei elkarrizketak egiten hasi ginenean, Eibarko emakumeek esateko asko zutela eta, gainera, kontatzen zutenak balio handia zuela konturatu ginen“.

Hori ikusita, hasierako bideo laburraren ideia berehala baztertzea erabaki zuten, emakumeen kontakizunari denbora gehiago eskaintzeko asmoz: “Eibartar guztiontzako adierazpen eta kontakizun baliagarriak eta interesgarriak direla uste dugu eta, horregatik, horiek jendeari erakusteko beharra sentitu genuen“. Naluako kideen berbetan, “Eibarko emakumeek egoeraren lekukotasuna emateak Naluaren sorrerarako arrazoia modu ezin hobean azaltzen du. Izan ere, Eibarko egoera emakume desberdinek deskribatzeak argi lagatzen du hutsune bat somatzen dutela eta benetan badagoela talde feminista gazte baten beharra“.

Dokumentalean, beraz, premia hori nabarmenduta, Naluako kideek hartzen dute hitza eta, besteak beste, taldearen jarduteko moduaz eta dituzten helburuez egiten dute berba. Lanari “11 emakume, 11 bizipen, borroka 1” izenburua ipini diote, “emakumeen egoera ezberdinei borroka beraz, hau da, feminismoaren bidez egiten zaiela aurre” adierazteko.