Zelai Nikolas, Gure Esku Dago-ren bozeramailea: “Partehartzerik handiena ekarriko duen galdera asmatzen ahalegindu behar dugu”

Zelai Nikolas, Gure Esku Dago-ren bozeramailea: “Partehartzerik handiena ekarriko duen galdera asmatzen ahalegindu behar dugu”
2017/03/03 eta kitto!
Maiatzaren 7an Debabarrenean egingo den herri galdeketari zilegitasuna emateko behar diren sinadurak bildu eta gero, Eibarko Gure Esku Dago herri ekimenak hurrengo erronkari heldu dio: egun horretan egingo den galdera adostu behar da eta, beste herri batzuetan egindakoaren bidetik, horretarako bilera deitu dute biharko, 10:00etan Arrate Kultur Elkartean. Bilera herritar guztientzat zabalik egingo da eta, galdera adosten laguntzeko, Zelai Nikolas Gure Esku Dago-ren bozeramailea eta Mario Zubiaga EHU-ko irakaslea gonbidatu dituzte, beste toki batzuetan bezala gidari-lana egiteko.

- Bihar egingo den saioa nolakoa izango da? Nola antolatuko duzue bilera?

Gure Esku Dago ekimena abiatu zenetik, normaltasuna konkistatzen ari gara. Guk esaten dugun moduan, lokatzetik atera gara gaur egun gauden egoerara ailegatu arte. Prozesu horrek denok elkarrekin aritzea, ezberdin pentsatzen dugunak batera aritzea eskatzen du, horrela demokrazian sakondu ahal izateko. Hori abiapuntua izanik, beste ezertan hasi aurretik hainbat kontzeptu azalduko dizkiegu bilerara joandakoei: erabakitzeko eskubidea zer den, nazioartean eskubide hori nola planteatzen den, lege aldetik nola dagoen… Horrekin batera, bakoitzaren beldurrak besteekin konpartitzeko eta beste hainbat kontu aztertzeko aukera emango du bilerak. Galderaren inguruan, berriz, helburua ahalik eta partehartzerik handiena ekarriko duen galdera asmatzea dela argi azaltzen ahalegintzen gara. Izan ere, bakoitzak zer galdetuko lukeen baino, garrantzitsuagoa da beste batzuentzat erakargarria izan daitekeena pentsatzen ahalegintzea, horrela ahalik eta jende gehien erakartzea eta parte hartzea lortzeko. Bestalde, galdetzen denaren inguruko kudeaketa ez dagokigu guri, politikoei baino. Hala ere, badugu guk lortu nahi dugun horretara ailegatzeko baldintzak sortzeko ahalmena eta horretan gabiltza. Gure bileretan debekatuta dago haserretzea, hori da gure arauetako bat. Gainera, haserretzerik ez dagoenez, beste gaitasun batzuk landu behar ditugu derrigorrez. Horregatik, ibili garen tokietan saio bi egin ditugu, bilera astuna ez izateko. Orain arte egindako bileretatik jende oso gustora irten da, saio pedagogikoak dira eta, esaten dutenez, bilerara joan eta gero dena hobeto ulertzen dute.

- Beraz, galdera adostea ondoren etorriko da…

Esandako horiek guztiak egin eta gero, orduan galderari heltzeko moduan izango gara, puzzlea osatzen joateko prest. Horretarako, guk hiru korapilo planteatzen ditugu bileretan: lehenik eta behin sujetoa aukeratu behar da, hau da, galdegaia nor izango den. Herritarren galdeketa izatea nahi badugu, “herritar” horien ezaugarriak azaldu beharko ditugu. Nor deituko dugu? Eta nola deituko ditugu? Ondoren, zer galdetu nahi dugun pentsatu beharko da, hau da, zein da lortu nahi dugun forma politikoa…

- Eta maiatzaren 7ko galdeketa nolakoa izango da? Ohiko hauteskunde egunen parekoa?

Bai, oso antzerakoa izango da: 16 urtetik gorakoek izango dute bozkatzeko aukera, horrekin batera baldintza bakarra erroldatuta egotea izango da. Guk ez dugu zentsorik erabiliko eta, beraz, aipatutako bi horiek betetzen dituen edonork izango du botoa emateko aukera: etorkinak, gazteak, sentsibilitate politiko ezberdina dutenak…

- Eta galdeketa egin eta gero zein izango da hurrengo pausoa?

Aurten 110 herritan baino gehiagotan egingo dira herri galdeketak eta horiek eskualdeka ariketak lantzeko aukera paregabea emango digute. Galdeketekin batera, erabakitzeko eskubideari buruzko itun herritarra lantzen hasi gara, parte-hartze prozesu baten bidez, eta datorren ekainaren 10ean Bilbon aurkeztuko dugu, egun horretarako deituko dugun mobilizazio jendetsu batean.

ADOSGUNEA