Ia 2000 lagun Guinnessa lortzeko ekitaldian

Ia 2000 lagun Guinnessa lortzeko ekitaldian
2017/06/10 eta kitto!
“GIZA IRUDI ERRALDOI BATEN ERALDAKETA” KATEGORIAN GUINNESSA lortzeko ekitaldia ekainaren 22an, iluntzean, egingo da Untzaga plazan eta, horretarako, Eibarren Akebai plataformaren logotipoa irudikatuko da 2.500 lagunen artean. Egitarauan eta ordutegietan oraindik aldaketaren bat edo beste gerta daiteke, baina gutxi gora-beherako plana hau da: arratsaldeko 18:15ak aldera auzoetatik abiatuko dira kalejirak, Untzagara, musikaz lagunduta. Horretarako, auzotarrak eurei dagokien auzoan batuko dira, aurretik esango zaien toki zehatzean. Hiru auzo edo gune egongo dira: Amaña-Legarre, Urki-Ipurua eta Urkizu-Azitain. Horietako bakoitzean lantalde bat dago martxan eta ekitaldia izango den egunerako kontu guztiak lotzeko auzokako bilerei ekin zaie.

Auzoetatik irtengo diren hiru kalejirak Untzaga inguruneko elkarguneetara ailegatzean, 19.00ak aldera hasiko da Guinness errekorra gainditzeko prestakuntza Untzagan: arduradunek parte hartuko dutenei argibide guztiak ematen joango dira eta jendeari esandakoari jarraitzea eta pazientzia, hori baino ez zaio eskatuko. Bien bitartean eta jai giroari eusteko animazioa egongo da. Bakoitzak nora, noiz eta nola argi duenean, orduan hasiko da 2.500 lagunen artean Guinnesserako irudia sortzen (19:30ak / 20:00ak aldera) eta, aurreikusitakoa betez gero, 20:30ak inguruan Guinness errekorra lortzea kalkulatu dute. Eta erronka lortu ondoren, jakina, hori ospatzeko jaiak jarraituko du. Horretarako Txaltxa Zelaian erromeria egingo da, 21:00etan. Hasieratik, Guinnessa lortzeko ekitaldia alaia izatea bilatu dute antolatzaileek eta, gainera, San Juanen atarian izango denez, asmoa ekitaldia jai giroan bizitzea da. Horregatik ekitaldi guztian zehar animazioa izango da kaleetan, eta Untzagan pantaila erraldoia ipiniko dute, parte hartzen ez dutenek ere ekitaldia Txaltxa Zelaiko harmailetatik jarraitu ahal izateko.

https://youtu.be/AhVf-hJzrNM

Izen-ematearen termometroak GORA EGITEN jarraitzen du

Honezkero ia 2.000 pertsona daude apuntatu Guinnesserako, eta uste dugu azken txanpan lortuko dugula aurreikusitako jende kopurua. 2.500 pertsona elkartu behar gara oraingo Guinness rekorra (Dubaik daukana) gainditzeko.

Bitartean, auzoetan ere prestakuntza lanetan ari dira. 100 pertsona baino gehiago ari dira auzoetako parte-hartzea antolatzen eta koordinatzen. Guinnessaren egunean ere, 100 pertsona inguru ibiliko dira ekitaldia koordinatzen, eta partaideak gidatzen.

Informazioa herritarren artean zabaltzeko, guztia ere online dago  www.akebai.eus webgunean eta Facebooken. Portalean ere jaso daiteke informazio gehiago, 2. solairuan, arratsaldeko 6etatik 8etara. Edo email honetan: eibarrenakebai@gmail.com.

Ekainaren 22an gaindituko den Guinness rekorrerako prestakuntzak primeran doaz. Eibarren AKEBAI plataformako ordezkariek adierazi dutenez izugarria izaten dihardu ekimenak jasotako harrera beroa eta eibartarren inplikazio eta parte-hartzea.