Arrate Garitaonandia
Arrate Garitaonandia

"Ahaztu handia"

2017/09/21
Irailaren 10ean Suizidioaren Prebentzioaren Nazioarteko Eguna izan zen. Prebentzio eta esku-hartze neurriak hartzeko beharrarekiko kontzientziazioa handitzeko egun aproposa.

OME-ren hitzetan suizidioa bizitza kentzeko nahita egindako akzioa da. Nolabait, azkeneko jokabidera murrizten dugu, baina honek sufrimenduzko istorio bat dakar berekin, zeinean isilune eta pertsonaren barneko isolamendua dagoen.

EAEn bi egunez behin suizidio bat gertatzen da. Kanpo heriotzetatik lehenengo kausa izanik, auto istripuen hildakoak bikoizten ditu. Hala eta guztiz ere, ahaztu handia izaten jarraitzen du. Errealitate hau prebenitzeko eta lan egiteko bidea esku-hartze komunitarioa izan arren, suizidioren inguruan tabu eta beldur soziala nabarmentzen da.

Komunitate mailan beharrezkoa da ikusgai egitea, mitoak eta tabuak argitzea, eragile sozial ezberdinen eskutik prebentzioan lan egitea; guraso, irakasle, lehen mailako osasuna, adimen osasuna…

Kutsatze efektua lehenengo mitoa izan arren, isilunea da hiltzen duena. Horregatik errespetu osoz errealitatea ikusgai egitea garrantzitsua da.

Atentzio deia bigarren mitoa da. Norbaitek bere buruaz beste egiteko asmoa azalarazten duenean, sufrimendua daukalako izaten da, eta horrek serio egindako laguntza deia moduan hartzea merezi du.

Hirugarren mitoa hauxe da: pertsonak era zabalean azaltzen duenean ez dagoela benetako asmorik.

Hiru mito horiek akzioarekin daude lotuta, baina ez da aipatzen ez prozesua ezta zelan iritsi diren pertsona horiek egoera horretara ere, eta haien beharrak asetzeko zer behar izan duten. Osasuneko, heziketako, zerbitzu sozialetako profesionalek bizi itxaropenari eusteko premiazkoak diren beharren gainean lan egiteko erantzukizuna daukagu. Hau da, Prebentzioan lan egitekoa.

Adierazpen emozionalaren heziketan, behar erlazionaletan, ume eta nerabeentzako autoestimu lanetan, drogen eta alkohol kontsumoaren prebentzioan, gurasoen eskolan atxikimendu ziurra bultzatzeko lanetan... eta osasuna bermatzen duten hainbeste programetan.

Euskarria oso garrantzitsua da. Izan ere, bizipen traumatiko bat trauma bilakatzeko prozesuan oso nabaria da euskarririk ez izatea. Edozein kasutan nabarmendu behar da, norbaiten kezkaren kontaktua sentitzearen garrantzia, arreta sensiblea jasotzea posible izatea, bere sufrimenduaren balorazioa, eta profesional baten laguntza izatea.

Itxaropenaren telefonoak premia duen edozein pertsonarentzako linea bat du eskuragarri: 717003717