Iraia Muñoa
Iraia Muñoa

"Gaztetasunaren iturriaren bila"

2017/05/13
Gogoratzen duzue banpiroei buruzko istorioetan, nola hauek biktima gazteen odola xurgatzen zuten, horrela urte luzez bizitzeko? Bada gaur egun, asko dira gaztetasunaren formulen bila jarraitzen duten ikerketa taldeak, eta horretarako odolaren osagaiak aztertzen dituztenak. Izan ere, Standforreko ikerketa talde batek erakutsi duenez, ume jaioberrien zilborresteko odolean ugaria den proteina batek, sagu edadetuen memoria eta ikasteko gaitasuna hobetzeko ahalmena du. Ikerlariek, giza odola aztertu dute hiru adin taldetan: jaioberrien zilborrestean, 19-24 urte inguruko gazteetan eta 61-82 urte bitarteko pertsona adinekoetan. Horrela, odol hau, 50 urteko ekibalentzia duten sagu edadetuei injektatu diete lau egunetik behin bi astetan zehar. Odol mota bakoitza jaso duten saguen portaera aztertuz, ondorioztatu dute jaioberrien odola jaso duten saguek memoria eta ikasteko gaitasuna hobetzen dutela; adibidez, labirintu baten irteera aurkitu edota bizitzeko txokoa eraikitzerakoan. Gainera hauen garuneko jarduera ere handiagoa dela ikusi dute batez ere “hipokanpoan”, hau da, ikasteko gaitasuna eta memoria biltzen dituen garuneko eremuan. Gazteen odola jasotako saguek, hobekuntza erakusten dute baina neurri apalago batean eta pertsona edadetuen odola jasotakoek aldiz, ez dute inongo onurarik agertu. Odoleko proteinen azterketa sakonago batean, TIMP2 proteina identifikatu dute hobekuntza hauen eragile bezala. Etorkizuneko helburua, proteina honen jarduera mekanismoa aztertzea da, Alzheimerra eta beste gaixotasun neurodegeneratiboekin erlazionatuta dagoela bait dirudi, eta beraz, hauen progresioa gelditzeko jomuga terapeutikoa izan daitekeelako. Honen harira, ikerketa taldeak badu proiektu bat martxan, non Alzheimerra duten gaixoak, gazteen odolarekin tratatzen dituzten, baina oraindik ez dute emaitzarik argitara eman.

ALBISTEAN GEHIAGO SAKONDU NAHI DUENAK, “NATURE” ALDIZKARI ZIENTIFIKOAN ESKURAGARRI DU ARTIKULUA (DOI:10.1038/NATURE22067).