Asier Ezenarro
Asier Ezenarro

"Gonzalo Puente Ojea: rara avis"

2017/02/17
Urtarrilean zendu zen Getxon benetako intelektuala: Gonzalo Puente Ojea. Kargu, ohore edo diruaren truke saltzen ez zena. Kuban jaiotakoa, gaztetatik ikusten zen oso aurrera iritsiko zela. 40/50eko hamarkadetan mugimendu katolikoen inguruan ibili zen eta diplomazialaria izateko ikasketak egin zituen, zuzenbidekoekin batera. Denek nahi zuten halako buru argitsua bereganatzea. Urte batzuk geroago, baina, Espainiako nazionalkatolizismoaren eraginetik libratu nahi izan zuen eta kristautasunaren historiari buruzko liburuak (Frantzian, Alemanian eta Erresuma Batuan argitaratzen ziren) irakurtzen hasi zen eta baita filosofia marxista ikasten ere. Ikuspuntu guztiz desberdina jaso zuen. 1974. urtean "Ideologia eta Historia. Kristautasunaren eraketa ideologikoa fenomeno ideologiko bezala" idatzi zuen. Liburuak eztabaida handiak sortu zituen eta harrera ona izan zuen kristau aurrerakoien artean. Urte batzuk geroago Gustavo Bueno filosofoarekin eztabaida zorrotza eduki zuen erlijioaren iturburua argitzeko, animismoaren inguruan. Gonzalo Espainiako jainkogabe ospetsuena bihurtu zen eta 1987an, Vatikanon Espainiako enbaxadore zela. Hainbeste urtetan diplomazialari jardun zuenaren ondare intelektuala bere liburuetan eta bere ibilbide garbi eta koherentean dago. Hemen benetako "etendura demokratikoa"ren alde eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen alde mintzatu zen.  III. Errepublikaren aldekoa zen eta estatu laikoa defendatzen zuen. Asko etortzen zen Euskal Herrira, Pilar Lasa bere emazte euskaldunarekin. Behin izan nuen berarekin hitz egiteko aukera, Mutrikun: rara avis-a izan da Espainiako intelektualen artean eta hori eskertu nahi diot.