Eva Alberdi
Eva Alberdi

"Ixo! Liburutegian gaude eta"

2017/03/14
Agian ezagutuko duzue El Mundo Today*  webgunea, @elmundotoday Twitterren. Gaur egungo albisteei buelta eman eta modu barregarrian euren ikuspuntua botatzen dute sare sozialetan.
Lehengo egunean grazia egin zidan albiste bat ikusi nuen Twitterren: “Liburutegira joaten diren hiru espainiarretatik bi bakarrik joaten dira jendea isilarazteko” ... “irakurtzera, irakurtzera esaten dena, inor ez da etortzen dagoeneko”. Eta aurrerago medikuntzako ikasle batek, esaterako, kexa hau adierazten zuen: “Ez dute bat ere pasatzen, behin isiltzeko agindu zidaten parean neukan mutilari begiratzeagatik”.
Asuntoa da Eibarko liburutegiaren kasuan bai etortzen dela jendea bertan irakurtzera, eta baita ikastera ere. Eta horrek kexak sortzen ditu batzuetan, ikasleak eta bestelako erabiltzaileen arteko harreman hori dela eta.
Eibarko liburutegian irakurri eta ikasi baino gauza gehiago egin ahal direlako: adibidez, liburuei buruzko gomendioak eskatu sarreran egoten denari; liburuak edo beste edozein material etxera eramatera etorri; antolatzen diren jardueretan parte hartu; Internet erabiltzeko gure sisteman alta emateko eskatu; edo, orokorrean, edozein informazio eske etorri.
Gauza horiek guztiak burutzeko ia beti berba egin behar dugu bertako langileek. Horrela da, ez dugu besterik.
El Mundo Today-n aipatzen den medikuntzako ikasleari pasatu zitzaiona hemen gerta ez dadin, har dezagun pazientzia pixka bat eta elkarbizitzen ikas dezagun.

* http://www.elmundotoday.com