Iraia Muñoa
Iraia Muñoa

"Kolorez, 3D-an eta Bizirik"

2017/02/10
XV. mendean Johannes Gutenbergek inprentaren asmakizunarekin garai hartako kulturaren iraultza ekarri zuen. Nork esango lioke, orain edonor dela idatziak kolorez inprimatzeko gai etxetik mugitu gabe. Bada hori ez da guztia, azken hilabetean giza azala inprimatzea ere posible dela jakin baitugu 3D bioinprimagailuaren bidez.
Kartutxoetako kolorezko tinta “biotinta” izeneko prestakin batzuekin ordezkatu dute, giza azala osatzeko beharrezkoak diren osagarri biologiko guztiekin: larruazaleko zelulak, hauek azalaren egitura eratuz eutsiko dituzten hainbat proteina, hazkuntza faktoreak... Horrela, azal arruntaren egitura konplexua osatu dute, lehenik epidermisa edo kanpoaldeko geruza eraikiz, eta jarraian dermisa, geruza sakon eta lodiagoa. Prozesuan zehar kartutxoetako biotintak proportzio egokian nahasten dira era automatizatu batean, 35 minutu eskasetan. Ehuna funtzionala dela ziurtatzeko hainbat proba egin dituzte saiodietan eta epe luzean izan ditzakeen efektuak ikusteko saguetara transplantatu dute.
Bi erabilera nagusi aurreikusten dira. Lehenengoa, prozesu industrialetara egokitutako ekoizpena da. Adibidez, kosmetiko eta farmakoak testatzeko balio dezake animalien ordez. Eta bigarrena, pertsona batetik lortutako zelulen biopsiatik abiatuta, pertsona horrentzat propio azal espezifikoa sortzeko. Hau, erredura, zauri edo ebaki larriak sendatzeko tratamendu terapeutiko bezala erabili daiteke. Pertsonetan tratamendu gisa onartzeko, Europako osasun erakundeak prozesu osoaren garapena aztertzen dabiltza. Bitartean ikertzaileek bioinprimagailuaren bidez ekoiztu daitezkeen beste organo eta ehun batzuen bila jarraitzen dute, odol-hodiak besteak beste.
Albistean gehiago sakondu nahi duenak, “Biofabrication” aldizkari zientifikoan eskuragarri du artikulua (DOI: 10.1088/ 1758-5090/9/1/015006).