Enrike Sosola
Enrike Sosola

“Maestro, maestro, txorixa he visto...”

2016/04/15
Zenbatetan entzun ote zuen casero!! baserriko ume horrek garai bateko eskola nazionaletan. Bullyng latza XX. mendeko ume gizajo masail gorri harentzat. Azkenerako zelan ba ez lotsatu bere jatorriaz. Euskera gorrotatzeraino eta sarri bere semealaberi ama-hizkuntza ukatzeraino.
Zorionez egoera aldatu egin da. Baserriko umea ederto integratuta dago eskolan. Ez du beldurrik bere gurasoen ofizioaz jarduteko. Harrotasunez, bere ezagutzak partekatzen ditu ikaskideekin, irakaslearen lagungarri. Asko dakielako abereetaz, suaz,uraz, basoaz,...
Baina baserria gurasoentzat ere eskola izan daiteke ikasteko gogoa eta piska bat adi egonez gero: Euskeraz bizitzea gozamena dela frogatzen duen arnasgunea da baserria. Lurrak bere mugak dituela muturren aurrean jartzen digun baliabide aparta,hazkunde mugagabea ezinezkoa dela kontxo! Zelan ahaztu auzolanaren ikasgaia eta horrekin lotuta baserriaren errealitatetik jaso daitekeen lezio larriagoa: elkarlana ahaztu eta erabakiak presaka, adostasunik gabe hartzen badira, akabo baserria (Amama pelikula gogoan?).

P.D. Guraso kezkatu honen deia Eibarko Hezkuntza komunitateari: jartzen dizkiguten zatiketa-amarruetan jausi barik, beldurrak uxatu, autokritika egin, danok elkartu eta adostasuna bilatu eskola publiko berria lortzeko. Gure umeek eskertuko digute gehien. Aldi berean, hezkuntzako “arduradun” eta aginteriei exijentzia: Zeuei dagozkizuen lanak ganoraz egin itzazue behingoz. Ez da onargarria XXI. mendeko ume gizajo masail beltz etorri berriak erabiltzea ezkutuko helburu politiko (hegemonia iraunkortu) eta ekonomikoak (murrizketez defizit-muga bete) lortzeko. Ez gara Untzagako baldosen koloreaz ari. Hezkuntzaz dihardugu,Eibarren etorkizunaz.