Nagore Fernandez
Nagore Fernandez

"Olentzerori eskaera"

2016/12/16
Azkenekoz uda amaitu berri idatzi nuen eta ia oharkabean gabonak ate joka ditugu. Egunak moztu dira gauak luzatzen ziren bitartean, mendiak hosto iharrez bete zaizkigu eta kaleetan ere begi-bistakoa da Olentzero laster datorrela: prest daude dendetako eskaparateak, nonahi lentejuelak, argiz jantzita kaleak.
Eta bai, beti dakarte polemika apur bat gabonetako argiek: batzuek horterada galanta direla diote. Beste batzuek, gastu itzela eragiten dutela. Eta zein itxusiak diren azpimarratu nahi izaten dutenak ere badira. Baina eztabaidan hasi gabe, konturatu al zarete zenbat aldatu diren azken urteetan zehar?
Gaur egun LED motako argiak erabiltzen dira, noski: aurrezteaz gain, mugimendua dutela diruditen diseinu berriak ditugu ikusgai herrian, baita hiru dimentsiotan hazi eta bolumena dutenak ere. Baina ez da denbora asko pasa koloretako bonbilla txikiz osatzen zirenetik, haietako bat itzali edo lehertzen zenean kanpai, pinu edo delakoaren marrazkian hutsune nabarmena utziz...
Urtea amaitzear, argien hutsuneak bete ditugun moduan beteko ditugu gure ahoak 2017-rako asmo onenekin. Nik badut ba proposamen bat: apaingarriak berritzeaz gain, berritu ditzagun gure ikuspuntu eta jarrerak ere. Elkar ulertzen saia gaitezen. Bizi gaitezen denok lasai gure etxe eta hiri ederretan. Eta inoiz, munduko edozein bazterretan zerbaitek lehertu behar badu berriz, koloretako bonbilla bat besterik izan ez dadila, mesedez.