Mikel Solas
Mikel Solas

"We should all be feminist"

2017/02/17
...eta kitto!-n modaren inguruan idazteko proposamena jaso nuenean, argi eta garbi nuen hutsalkeria eta itxurakerien gainetik ibiliko nintzela. Mundu guztiak espero duenetik eta erabat aspertzen nauenetik –denboraldi honetan eramaten dena, norberan armairuan ezinbestekoa dena...– haratago joan nahi nuen. Gai desberdinak lantzeko eta irakurlea modu batean ala bestean erakartzeko konpromisoa hartu nuen. Oraingo honetan pil-pilean dagoen gai bat aukeratu dut: FEMINISMOA. Horren alde nago, zalantzarik gabe.
Bai, gizonezkoa naiz eta feminismoaren alde nago. Zergatik? Emakumeen eskubideetan eta euren askatasunean sinisten dudalako. Inork ezin ditu zalantzan jarri. Edozein lekutan nahi dutena eramateko ahalmena eta eskubidea dutelako, euren adina, fisikoa eta kulturaren gainetik.
Bere garaian Coco Chanelek emakumeen alde borrokatu zuen, gizarteak (gizonezkoek) inposatzen zituzten kortseetatik askatuz. Mary Quant-ek minigona sortu zuenean mundua guztiz asaldatu zuen. Eta orain Dior-ek altxatu du ahotsa (Maria Grazia Chiuri zuzendaritza kreatiboaren ardura duen lehen emakumearekin); izan ere, bere bildumako kamiseta baten hauxe irakur zitekeen: We should all be feminist (Denok izan beharko genuke feminista)