Eguen zuri eta Santa Ageda bezpera ospatuko ditugu gaur arratsaldean

Eguen zuri eta Santa Ageda bezpera ospatuko ditugu gaur arratsaldean
2016/02/04 eta kitto!
Eguen Zuri eta Santa Ageda bezpera, jai biak egun bakarrean ospatuko ditugu gaur arratsaldean eta iluntzean.  Jakina denez, Eguen Zuri umeendako Aratosteetako egunik handiena izaten da Eibarren. Hori dela eta, bazkalostean hasiko dira ikastetxeetako jaialdi eta kalejirak, batzuk herriko erdialdean eta beste batzuk eskola inguruan. Erdialdean ibiliko diren ikastetxeek (J.A. Mogel, La Salle Isasi eta Amaña ikastetxea) 15:30ean hasiko dute kalejira eta Calbeton,  Bidebarrieta, Julian Etxeberria eta T. Etxebarriatik ibiliko dira, Untzagan amaitzeko.

17:00etan, Jainaga eta Narbaizarekin Urkizutik Untzagaraino kalejira egongo da eta, ordu berean, Lisker taldeak girotutako dantzaldiarekin gozatu ahal izango dugu Untzagan. Bitartean, 19:00ak arte, hainbat tailer egongo dira Astixaren eskutik Untzagako karpan: karetak eta apaingarriak egin eta aurpegia margotzeko aukera izango dute herriko haurrek. Eibarko erdialdea itxita egongo trafikoarentzako 15:00etatik 21:00etara.

Bestalde, 19:00etan Santa Ageda Batzen kalejira hasiko da, Sostoa Abesbatzaren eta J.B. Gisasola Musika Eskolako trikitilarien eskutik; Egogainetik Urkizuraino joango dira.  Kantuzaleak abesbatzakoek Sare-rekin bat egingo dute eta 18:30ean kalejiran igoko dira Urkizutik Untzagara. Azkenik, Kaleetan Katuz Abesbatza ere aterako da gaur kalera, 19:30etik aurrera.