Amesti tabernak irabazi du Pintxo Onenari Saria, “P&B Sinfonia” izenekoarekin
Aurreko astean jokatu zen Eibarko tabernarien arteko pintxo lehiaketa, Arrate Kultur Elkartearen eskutik, eta Amesti tabernak irabazi du Pintxo Onenari Saria, “P&B Sinfonia” izenekoarekin.
Teresa Carmonak, Maialen Bergarak eta Maria Garayk osatutako epai-mahaiaren berbetan, “produktuen integrazio oso ona, zaporetsu eta orekatuagatik. Mokadu arina eta atsegina”.
Bertako produktuekin egindako pintxo onenari saria, berriz, Kultuk eraman du, “Txibipintxu” izenekoarekin, “errezeta klasiko bati bertako produktuak gehituz, sortutako pintxo gozagarri eta bikainagatik”.
Eta publikoaren saria Gure Kaiolak irabazi du, “Udazkena Kaiolan” izeneko pintxoarekin.
Horrez gain, pintxoak jan eta bozka eman duten hiru mila goratik bezeroen artean zozketa egin dute antolatzaileek, saridunari Errigora Nafarroako produktuen uzta eta euskalgintzari ekarpena jasotzen duen kutxa oparitzeko.
Edizio honetan 21 tabernari aritu dira nor baino nor, eta Arrate Kultur Elkartetik parte-hartzaile guztiei eskerrak eman nahi diziete, “beraien ilusio eta lan izugarriarengatik, pintxoak prestatzerako orduan eta aurkezpenean”.
Horrekin batera, Laboral Kutxari eta Udalari beraien laguntza eskertu nahi diete.
Epai-mahaikideek “aurtengo maila altua eta aurkeztutako pintxoen kalitatea” nabarmendu eta erabakia hartzeko izan duten zailtasuna azpimarratu dute.
XXII. Eibarko Pintxo Lehiaketaren sariak San Andres egunean (azaroak 30) banatuko dituzte, San Andres Azokako sariekin batera.
