Asteburu bete-betea izango dute Klub Deportiboko pilotariek
Eibarko Klub Deportiboko pilotariek partida ugari izango dituzte asteburuan, eskuz banaka, eskuz binaka eta goma paletan. Jardunaldia ostiralean, azaroaren 6an, hasiko da, eta larunbatean jarraituko du.
Ostiralean, Aretxabaletan, Etxabek Flores eibartarraren aurka jokatuko du. Astelena pilotalekuan, 18:30ean, Kerejetak Goierriko Molledo izango du aurkari Gipuzkoako banakako txapelketan. Ondoren, Agote eta Saez LAPKEko bikotearen aurka arituko dira Alkain Sariko kadeteen binakako txapelketan.
19:00etan, Ibarra eta Aguirresarobek Gipuzkoako binakako txapelketako finala jokatuko dute Zestoan, Abantzu taldearen aurka. 19:30ean, Motriko eibartarrak Arrasateko Uriarteren aurka jokatuko du Musakolan. Ostiraleko jardunaldia Mutrikun amaituko da, Eibar 3 taldeak Danok Bat 1-en aurka goma paletan jokatuko duen partidarekin.
Larunbatean, azaroaren 7an, goma paletako partidek jarraipena izango dute. 09:30ean, Eibar 2 taldea Soraluzen arituko da, eta 12:00etan, Soria eta Guineak Zarautz 1 hartuko dute Astelena pilotalekuan.
Asteburuko azken partida 18:00etan jokatuko dute Aretxabaletan: Andonegi eibartarrak Yasin izango du aurkari.
