Cheikh Mbacke Lo: “Patera batean hondoratzen den lagun bakoitzarekin familia osoa hondoratzen da”
Senegalen, unibertsitatean, literatura ikasketak egin zituen Cheikh Mbacke Lok eta literaturaren bitartez beste herrialde bateko bizimodura egokitzearen, norbere identitatean eragiten dituen aldaketen eta migrazioaren inguruko gaien inguruan hausnartzen du. Bihar, 18:00etan, liburuaz eta bertan jorratzen duenaz hitz egingo digu Portaleko areto nagusian.
‘Yakaar, cartografía de la esperanza’ da liburuaren izenburua. Zein esanahi du yakaar berbak eta zergatik erabaki zenuen izenburu hori jartzea?
Itxaropena esan nahi du woloferaz. Hainbat izenburu nituen buruan, baina umetatik izan dut yakaar, hau da, itxaropena. Itxaropenak bultzatu ninduen itsasora botatzera. Horregatik, izenburuak pentsatzen ari nintzenean, yakaar etorri zitzaidan burura eta bikain egokitzen zela ikusi nuen.
Liburua autobiografikoa da. Zein momentutan sentitu zenuen zure historia kontatzeko beharra?
Liburuan nire bizipenak kontatzen ditut, baina jende askoren istorioak ere badira. Ahotsa ez duten askori ahotsa ematen saiatu naiz. Une batean gauzek pisu handia zuten niretzat. Izan ere, Marokon 31 lagun igo ginen paterara, baina horietako 29 itsasoan hil ziren. Beti izan dut hori gogoan eta zama handia zen niretzat. Beraz, zerbait egin behar nuela pentsatu nuen. Bestalde, gizartean dagoen arrazismoa eta injustizia ikusita, nire alea jarri nahi nuen eta horrek bultzatu ninduen idaztera.
Nolakoa izan zen Europara etortzeko erabakia hartzeko prozesua? Zer espero zenuen aurkitzea bidaia hari ekitean?
Sasoi horretan unibertsitatean ikasten nengoen eta itxaropenarekin bizi nintzen, baina ez nuen etorkizunik ikusten. Nire familia pobrea zen. Amak kilometroak egin behar zituen ur katilu bat ekartzeko. Aitak lurra lantzen zuen, baina bere lanak ez zuen fruiturik ematen. Ez zuen euririk egiten eta, erein arren, ez genuen ezer jasotzen. Horrez gain, Europa paradisua zela esaten ziguten. Pelikula hori saldu ziguten. Beraz, horrek guztiak bultzatu ninduen Europara etortzeko erabakia hartzera.
Liburuan migrazioaren alderdi gogorrenak jorratzen dituzu. Zer kontatu nahi izan duzu hedabideetan edo gizartean agian behar beste entzuten ez den ibilbide horri buruz?
Bidea Senegalen hasi nuen eta Gambian eta Marokon bisitakoa kontatzen dut liburuan, besteak beste. Baita Tanger eta Algeciras arteko bidea ere. Bide luzea izan zen eta gauza asko gertatu zitzaizkidan. Bidean hil zirenak nire lagunak ziren eta nire bizitzaren parte izan dira. Helburu amankomuna genuen: Europara heltzea. Horren aurretik, ostera, bakoitzak bere bizitza izan zuen eta hori liburuan islatu nahi izan dut.
Historia hau kontatzeko beharra zenuela aipatu duzu. Nolakoa izan zen hori idazteko prozesua?
Urtebete iraun nuen liburua idazten. Historia hori idaztea ez zen batere erraza izan, oso puntu sentikorrak ukitzen dituelako. Oso tristea eta gogorra egin zitzaidan idaztea, bizitakoa gogorarazten zidalako. Era berean, idaztea terapia modukoa izan zen niretzat eta barrenean neramana arintzen lagundu zidan.
Hori guztia gertatu zenetik 20 urte pasa eta gero, atzera begiratuz gero, zer pentsatzen duzu?
Ez dugula aurrera egin. Gauzek berdin jarraitzen dute. Gaur egun ere, jende askok nik egin nuen bide bera egiten jarraitzen du. Mundu guztiak daki hori gertatzen dela, baina horrek berdin jarraitzen du. Hedabideek batzuetan zerbait aipatzen dute, baina kitto. Urte batzuetara berriz aipatuko dute zerbait, eta beti horrela. Politika egiteko erabiltzen gaituztela pentsatzen dut.
Bai, baina horren guztiaren atzean pertsonak daude.
Hori da, ez gara zifra hutsak, gizakiak baizik. Askotan aipatzen dute itsasontzi bat hondoratu dela eta ez dakit zenbat lagun hil direla, edo hainbat lagun hil direla ez dakit non. Zifra hutsak. Horregatik idatzi dut liburua, Europarako bidean hil diren guztiei memoria emateko eta pertsona gisa gogoratuak izateko, ez zifra huts bezala. Abizenak, gurasoak eta familia duten pertsonak dira. Patera batean hondoratzen den lagun bakoitzarekin familia osoa hondoratzen da. Gizakiak direla konturatu behar dira gizartea zein agintariak, eta hori ekiditen saiatu behar dira. Konponbideak aurkitu behar dituzte. Hona datorren jendea behar bat duelako etortzen da. Beraz, zerbait egin behar da euren jaioterrian gelditzeko gogoa izan dezaten. Denok irabaziko genuke horrela.
Europa paradisua zela esaten zizuetela aipatu duzu. Paradisu hori aurkitu duzu hemen?
Jende zoragarria aurkitu dut Euskal Herrian, oso jende ona. Asko lagundu didan jendea aurkitu dut, oso jatorra, baina badago aurka egin eta ongi etorririk eman ez digun jendea ere. Uste dut ez dela jende txarra, ezagutzen ez dutenari beldurra diotela baizik. Baina paradisua... Bakoitzaren begiradaren araberakoa da hori. Nire paradisua familiaren alboan aurkitzen dut. Ostera, gaur egun, pasa den denbora guztiaren ondoren, nire buruari nongoa naizen galdetzen diot. Senegalekoa naiz, eta harro gainera, baina era berean hemen sustraitu naiz eta lagunak egin ditut hemen. Nire iritziz, tokia ematen badiote, pertsona bakoitzak edonon egin dezake bere bizitza eta bertakoa sentitu daiteke. Horregatik egin behar dugu lan elkarbizitzaren alde. Etortzen direnak integratu egin behar dira, beste etxe batera joaten bazara, etxe horretako gauzak errespetatu behar dituzulako; baina etxe horretako jendeak ere tokia egin beharko lioke, ongietorri dela sentiarazi.
Migrazioaren inguruko eztabaidak zifretan, politiketan eta mugetan zentratu ohi dira. Zer ekarpen egin dezake literaturak datu horien atzean dauden istorio pertsonalak jendartera hurbiltzeko?
Pertsona batekin aurrez aurre berba egiten baduzu, esandakoa motz gelditu daiteke, baina 350 orriko liburu batean gehiago sakondu dezakezu. Liburua irakurri duten batzuk besarkada bat ematera etorri zaizkit, batzuk negarrez. “Eskerrik asko hau idaztegatik, ez genekien ezer horri buruz”, esan didate ere. Literaturak beste toki batzuetara bidaiatzeko aukera ematen du, toki horiek eta xehetasun gehiago ezagutuz. Literatura da gauzak aldatzeko tresnarik garrantzitsuena.

