Ehun perretxiko espezie baino gehiago ikusi ahal izan ziren atzo Errebalen

Eibarko Klub Deportiboak antolatutako XXVI. Jardunaldi Mikologikoak egin dira asteburuan.
2026/10/26 18:03
Silbia Hernandez Arrazola

Eibarko XXVI. Jardunaldi Mikologikoak egin dira asteburuan, Eibarko Klub Deportiboko Mendi batzordearen eskutik. Zapatu arratsaldean Errebal Plazan aritu ziren zaleek eramandako perretxiko guztiak sailkatzen, Aranzadi Zientzia Elkarteko mikologia adituekin batera. 


Bildutako perretxiko moeta guztiak ondo bereiztu eta identifikatu ondoren, domeka goizean Errebal Plazan erakusketa egiteko prestatu zituzten perretxikoak, bakoitzaren aldamenean izena eta bestelako informazioa biltzen zuen txartela ipinita. 


Aurten ehundik gora espezie bildu eta ikusgai ipini dituzte, eta antolatzaileak oso pozik azaldu dira, jende asko joan delako ikustera. Erakusketarekin batera, perretxikoak dastatzeko aukera ere egon zen.