Erdi Arora eramango gaituen azoka egingo da bihartik igandera bitartean
Erdi Aroko giro berezian murgiltzeko auke- ra paregabea izango dugu gaurtik domekara arte, Untzagako bi aldeak hartuko dituen Erdi Aroko Azoka Xacobearekin. Ekimenak Galiziako ondare kulturala eta Erdi Aroko iruditeria konbinatzen ditu, Donejakue bideko giroa Eibarko erdigunera ekarriz.
Azokaren xehetasunak eta antolakuntzaren atzean dagoen lana gertutik ezagutzeko, Timbapirata Events enpresako Eva Fernandez mallabitarrarekin egon gara hizketan. Proiektu hau As Burgas elkartearen eta bere enpresaren arteko elkarlanetik sortu da. "As Burgas elkarteko kidea izan naiz urte askotan, bai- na azoketako lanagatik utzi egin nuen, eta Galiziako Etxeak Erdi Aroko azoka egiteko gogoa zuenean, nirekin gogoratu ziren hurbiltasunagatik", azaldu du Fernandezek.
Gisa honetako merkatu bat bideratzea hilabeteotako kudeaketa ikusezin baten emaitza da: "Udalari plana helaraztea, argindar puntuak zehaztea, 65 azokari baino gehiagorekin harremanetan jartzea eta lekua kudeatzea ez da erraza. Garrantzitsua da produktuak ez errepikatzea, dokumentazioa egiaztatzea eta pu- blizitatea egitea irratian zein interneten".
Fernandezen arabera, Xacobea izendapenak izaera propioa ematen dio Eibarko azokari: "Galiziako Etxeak bere nortasuna erakutsi nahi zuen azokan, eta azoka Xacobearen bidez Erdi Aroko eta Galiziako tradizioak era ezin hobean fusionatu ditugu".
Fernandezen hitzetan, azoketan lan egitea kalean denda bat izatea- ren parekoa da: "Astebururo denda toki berri batera mugitzen dugu, eta horrek publiko berria ezagutzeko aukera ematen digu. Beti izaten dugu eguraldiaren erronka, baina ahaleginak fruitua ematen du plaza jendez betetzen denean".

Lau dragoi eta 65 postu
Zer aurkituko dute Untzagara gerturatzen direnek? Guztira 65 postu eta erakusketa-tailer inguru bilduko dira. Postuetan denetariko produktuak egongo dira salgai: gozogintza, zurezko jostailuak, artisau-xaboiak, bi- txiak, dekorazioa... Horrez gain, zuzeneko tailerrek ikusmina piztuko dute: forja-lanak, zur-taila edo iruleak bertatik bertara ikusi ahal izango dira.
Gainera, azokako puntu izar nagusia lau dragoiak izango dira. Eva Fernandezek azaldu duenez, “hiru dragoi estatiko egongo dira argazkiak ateratzeko, eta laugarren dragoi bat azokan zehar ibiliko da”. Erakus- keten atalean, ostera, Erdi Aroko kanpalekua eta garai hartako tortura tresnen erakusketa historikoa jarriko dituzte. “Horrek atentzioa deitzen du”, diosku antolatzaileak.
Artisauen lana koordinatzea ezinbestekoa da eskaintza anitza izateko: "Produktuak ez errepikatzea da gure helburua, jendeak denetik aurkitu dezan, rosquilletatik hasita bitxietaraino". Tortura tresnen erakusketak ere jakin-min handia pizten du urtero.
Egitarau bizia egunero
Hiru egunetan zehar ez da aspertzeko astirik izango. Gaur, urriak 30, 11:00etan irekiko dituzte ateak eta tailerrak 12:00etan hasiko dira. Arratsaldean Celtika, Grus Grus eta Artimaña taldeek giroa alaituko dute. 21:30ean "El susurro de las llamas" su-ikuskizuna eskainiko dute, eta 22:00etan queimada herrikoi handia egongo da Celtikak girotuta.
Bihar, urriak 31, egun nagusietako bat izango da. 10:00etan Os Galaicos taldeak erromesen desfilea egingo du, eta 11:00etan inaugurazio-pregoia ira- kurriko dute Galiziako Etxeak eta Amalurrak. Egu- nean zehar kale-animazio ugari egongo da: armagin ibiltaria, Cuca elfa, Baom, Gzarkuk orkestra-gizona eta Sebastopoleko organo-jotzailea. Arratsaldean Os Galaicos taldearen musika eta dantzak egongo dira, 21:15ean suzko ikuskizuna eta 22:00etan berriz queimada herrikoia.
Domekan, azaroak 1,11:00etan irekiko dituzte ateak. Egun osoan zehar ipuin-kontalariak, musika ibiltaria eta pertsonaia fantastikoak igaroko dira Untzagatik. Arratsaldean antzerki proposamenak egongo dira, eta 20:15ean amaierako su-ikuskizuna egingo dute, 21:00etan azokari amaiera emanez.
Iraganera bidaia adin guztientzat
Eva Fernandezek erakutsitako poza azpimarragarria da Eibarrera azoka hau ekartzeagatik: "Guretzat oso garrantzitsua da adin guztietako herritarrei zuzendu- tako ekitaldia izatea. Familia osorako plana da: txikie- nentzako ludoteka zabala dugu logika eta trebetasun jokoekin; nerabe eta kuadrillei arreta erakartzeko ikuskizunak ditugu; eta nagusientzat musika, giroa eta gastronomia". Airerako zirkuko egitura berezia ere jarriko dute, aireko dantzaldiekin.
Azkenik, antolatzaileek herritar guztiei dei egin die- te Untzagara hurbiltzeko: "Lehenengo urtea izanda, jendeak ikusi egingo du zer egiten dugun, baina gure asmoa urtero azoka indartzea, tabernek zein eibar- tarrek parte hartzea eta garaiko jantziekin etortzea da. Hori lortzen denean, benetako bidaia egiten da iraganera", amaitzen du Fernandezek. Asteburuan, beraz, Erdi Aroko magia eta galiziar izaera nagusi- tuko dira Untzagan.