Film laburrez gozatzeko aukera izango dugu astelehenetik aurrera
Zinemaren eta ikus-entzunezko sormenaren erdigune bihurtuko da Eibar. Azaroaren 2tik 7ra bitartean ospatuko da XXVII. Eibarko Film Laburren Jaialdia, hau da, Asier Errasti Jaialdia, herriko kultura agendan errotuta dagoen eta urtez urte ikusleen zein zinegileen babes beroa jasotzen duen kultur hitzordua. Astelehenetik barixakura bitartean, egunero 19:30etik aurrera, Coliseo antzokiko pantaila handia formatu laburreko istorio indartsuz beteko da, eta zapatuan, azaroak 7, sari-banaketa ekitaldi nagusia eta saritutako lanen emanaldia egingo dira.
Antolakuntzaren atzean Plano Corto elkartea dago, eta egitasmoaren prestakuntza lanen buru dabil berriro ere Oskar Lopez de Zubiria presidentea. Jaialdiaren sustraiak gogora ekarrita, Lopez de Zubiriak
azaldu du lehiaketa honek jatorri berezia duela: 1999an Asier Errasti zinegile eibartarrak '1999' izeneko film laburra errodatu zuen, eta bere lagun talde batek Plano Corto sortu zuen ekimena bultzatzeko. 2000. urtean Errasti ustekabean hil zen, eta elkarteko kideek lekukoa hartu eta jaialdiari bere izena jartzea erabaki zuten. Lopez de Zubiriak berak, zinemazalea ez izan arren, elkartean sartzea erabaki zuen laguna omentzeko, eta gaur egun, 11 urte baino gehiagoko ibilbidearen ondoren, antolakuntzaren lehen lerroan jarraitzen du.

Umore gehiago aurten
Aurtengo edizioari dagokionez, hautaketa prozesua nahiko intentsua izan da antolatzaileentzat. Guztira 160 lan baino gehiago jaso dira lehiaketan. Lan guztiak Eibarko Udalaren bidez bideratu dira (datuen babeserako araudiak betetzeko), eta ondoren Plano Cortoko kideek banan-banan aztertu eta ikusi dituzte proposamen guztiak. Antolatzaileen esanetan, aurtengo sormen maila oso altua da eta ikusleek kalitate handiko saioez gozatzeko aukera izango dute. Gainera, aurreko urteetako drama gogorren aldean, aurten umoreak leku nabarmenagoa hartu duela azpimarratu digu Lopez de Zubiriak, sasoi hauetan beti eskertzen den arintasuna eta freskotasuna ekarriz.
Programazioaren diseinuan arreta berezia jarri du antolakuntzak, saio bakoitza esperientzia erakargarria izan dadin. Egunero 10 film labur inguru proiektatuko dira, bi ordu inguruko emanaldi dinamikoetan. Zine-saioen egituraketa DJ baten lanarekin alderatu du Lopez de Zubiriak: lehenengo film laburra oso laburra izaten da, Coliseora pixka bat beranduago iristen diren ikusleek hurrengo proiekzioan sartzeko itxaronaldi luzerik egin ez dezaten. Jarraian, generoen arteko oreka bilatzen da; tonu gogorragoko istorioen ondoren umorezko piezak kokatzen dira ikuslearen erlaxazioa errazteko. Halaber, eredu independenteari eusten dio jaialdiak: ez dituzte komertzio-plataforma ordainpekoak erabiltzen eta proiekzio guztiak doakoak dira ikusleentzat.
Hori gutxi balitz, euskarazko sormenari harrera eta babes berezia eskaintzen dio lehiaketak. Egunero proiektatuko da gutxienez euskaraz egindako film labur bat. Jaialdiak Euskera Saria du, gure hizkuntzako ikus-entzunezkoen ekoizpena bultzatu eta aitortzeko helburuarekin, nahiz eta antolatzaileek lan gehiago jasotzea nahiko luketen. Bestalde, herriko sormena sustatzeko ahaleginean, 200 euroko sari berezia dago eibartarrek egindako lanentzat. Tamalez, aurten kategoria hori
hutsik geratuko da, herriko zinegileen proposamenik jaso ez delako. Babesleei eta laguntzaileei dagokienez, jaialdiak eragile publiko zein pribatuen babesa du, haien artean Eibarko Udala, EiTB, Eroski, Kalaka taberna, Buenos Aires taberna, Baratze edota EUKI Asesoria. Bereziki aipagarria da EiTB Sari Berezira bideratutako lankidetza, aurtengoa bigarren urtea izango baita aitortza hau ematen dena. “Sari honek kalitatezko zigilua eta bultzada handia ematen dio lehiaketari, jaialdiaren izena eta zabalkundea indartuz”, Lopez de Zubiriaren berbetan.
Astelehenetik ostiralera bitarteko saioen ondoren, jaialdia zapatuan borobilduko dute, azaroaren 7an. Arratsaldeko 19:30ean hasita, jaialdiaren Gala Nagusia egingo da Coliseon. Bertan eskainiko dira aurtengo film labur saritu guztiak eta sari-banaketa ofiziala egingo da. Ekitaldiari amaiera gozoa emateko, antolatzaileek pikoteoa eskainiko diete bertaratutakoei, giro hurbilean topaketa egiteko aukera emanez.
Sarrera librearekin eta kalitatezko kultur eskaintzarekin, Eibarko zein inguruko zinemazale guztiei luzatu die gonbidapena Plano Corto kolektiboak, datorren astean Coliseoko eserlekuak betetzeko eta film laburren magiarekin gozatzeko, Asier Errastik nahiko lukeen bezala.