"Salto-saltoka" lelopean, jai giro paregabea sortu da Elgoibarren ospatu den Kilometroak jaian

Euskara eta komunitatearen balioa ardatz izan ditu Kilometroak 2025 Jaialdiak. Lazkaoko Ikastolari eman zaio lekukoa, 2026ko 50. edizioa antolatuko duen herria izango baita.
2025/10/05 20:23
eta kitto!

Kilometroak 2025 ospatu da gaur Elgoibarren. Jai giro paregabea sortu da eta, nahiz eta eguna euritsu hasi, eguraldiak ez du euskaltzaleen gogoa zapuztu. Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari Taldeko kideek Udal txistulari bandarekin batera eman diote hasiera ekitaldiari, soka dantza ederra eskainiz. Jarraian, ekitaldi nagusiari hasiera eman zaio Ainhoa Lendinez ikasle ohiaren eskutik. Elgoibar Ikastolako Lehendakari den Olatz Astigarraga Castañares izan da izan da aurrena irekiera ekitaldian hitza hartzen. Urtea euskarara salto egiteko baldintzak sortuz, eta elkarren sokari eraginez eman dutela adierazi du eta oso urte berezia bizi izan dutela, eta ahalegin guztiak egin dituztela elgoibartar guztientzat ere hala izan zedin. Gainera, helburu argi bat izan dutela adierazi du: “Euskararen eta herrigintzaren aldeko indarra elikatu eta zabaltzea izan da gure nahia, eta hori ez egun bakarreko jaialdi baten bidez soilik, baizik eta urte osoan zehar Kilometroak 2025 herrian eragile izan dadin lan eginez”.

Eguna euri langarrarekin hasi bada ere, goizeko 09:00etan Ikastolako Txaranga kalera irten denerako, atertu du, eta ateri joan dira jaiaren lehen orduak. Garraio publikoaren erabilera handia nabaritu dute, bai tren geltokian eta bai autobus geltokian. Azaldu dutenez, "eguerdirako 10.000 pertsona inguru bildu dira herriko guneetan, eta punturik gorenean 15.000 pertsona ere batu gara".

Giro jator eta lasaia izan da nagusi: "Eskatzen genuen bezala, askatasunez eta errespetuz gozatu dute Elgoibarrera etorritako partaideek". Nabarmendu eta eskertu nahi izan dute, bestalde, "Udalaren inplikazioa, besteak beste, trafikoa bideratzeko eta herriko aparkalekuak kudeatzeko egin duten ahalegina". Gastronomia aldetik, taloak izan du arrakasta nagusiena, eta "frontoian egin den bazkari herrikoian 300 tiket saltzea lortu dugu".

Euskara eta komunitatearen balioa ardatz izan dituen ospakizunean, Lazkaoko Ikastolari eman zaio lekukoa, 2026ko 50. edizioa antolatuko duen herria izango baita.

Bestalde, ERRONKAko irabazleak hauek izan dira:
1. Usurbilgo Udarregi Ikastola
2. Zarautzeko Salbatore Mitxelena Ikastola
3. Ordiziako Jakintza Ikastola
- BIDEO LEHIAKETAKO sarituak:
1. Laskorain ikastola (1727 like)
2. Jakintza ikastola (1623 like)
3. Salbatore Mitxelena ikastola (1518 like)
Erronka arrakastatsua izan da, eta 23 ikastolek hartu dute parte. nabarmentzekoa da, gainera, ekintza guztietan izan duten giro paregabea.

1000 boluntariotik gora
Elgoibarko Ikastolak herriko artistak, eta gaurko egunean parte hartu duten herriko zein kanpoko kultur eragile guztiei eskerrak eman dizkie. "Eskerrak eman nahi dizkiegu, halaber, gaurko egun hau osatzeko prestutasuna agertu diguten talde eta norbanako guztiei. Eta nola ez, hau guztia aurrera ateratzeko lortu ditugun lagun guztiei, Kilometroen bueltan 1.000 boluntariotik gorak jardungo baitugu lanean. Denon elkarlanak jarri ditu sokak dantzan gaur, eta denon artean emandako salto honi esker etorkizuneko ildoak finkatu ditugula sinisten dugu".