Bueltan da Barixakuak Jolasian ekimena

Bueltan da Barixakuak Jolasian ekimena
2023/01/13 eta kitto!
Urtarrilean eta otsailean berriro hartuko dituzte Eibarko auzoek Barixakuak Jolasian ekimeneko jolasak. Urtarrilean hiru saio izango dira: 13an Txaltxa Zelaiko harmailetan, 20an Torrekuako parkean eta 27an Urkizuko parkean.

Otsailean, berriz, hau izango da egutegia: otsailak 3 Txaltxa Zelain, otsailak 10 Torrekuan eta otsailak 24 Urkizun.

Arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara 2 eta 8 urte bitarteko haurrentzat jolasak antolatzen dira …eta kitto! Euskara Elkartearen ekimen honen barruan. Haurren adina kontuan hartuta hainbat jolas eskaintzen dira begiraleen laguntzarekin eta parte-hartzea doan izaten da, bertan azaldu besterik ez da egin behar.

Umeek zein gurasoek ondo pasatzeaz gain, “euren arteko berbetia euskaraz izatea da nahi duguna eta guraso desberdinen arteko harreman berriak egitea”, diote elkartetik.

Ekimen honen helburua da, “familiak …eta kitto!-k antolatzen duen Gurasoak Berbetan egitasmora hurbiltzea. Familia-giroa euskalduntzea du helburu egitasmoak eta, euskara maila hobetu eta erabiltzeko ohitura hartzeko baliagarria iztaeaz gain, euskal harreman sarea sendotzeko ere lagungarria da”. Ekintza ugari antolatzen dira urtean zehar eta izena, bakarka ez eze, “taldeka edo kuadrillaka ere eman daiteke. Ekintza osagarri asko egiten ditugu eta, euskal giroan, primeran pasatzeko aukera dute umeek zein gurasoek”. Informazio gehiagorako 943200918 / elkartea@etakitto.eus.